Irurtzungo Parte hartze bidezko Aurrekontuen herritar taldeak aurtengo prozesua abian jarri du. Irurtzundarrek aukera izanen dute udalaren 35.000 euro zertara bideratu erabakitzeko. Horretarako, taldeak lau proiektu aurkeztu dizkie irurtzundarrei, eta haietako baten alde botoa emateko eskatu dute. Taldekideek nabarmendu dutenez, “botoa ematearekin batera garrantzitsua da, batetik, hurrengo urteetarako proposamenak egitea”. Eta, bestetik, “norberak jakinarazi dezala bere kale edo auzoan zer hutsune edo arazo txiki dauden, udalak aintzat hartu eta, ahal badu, konpondu ditzan”.
Lau proposamenetako baten alde botoa emateko epea hilaren 15etik 26ra dago zabalik. Botoa 16 urtetik gorako irurtzundarrek eman dezakete, betiere beraien burua identifikatuta. Botoa emateko hiru bide daude. Alde batetik, udalaren Irurtzun aplikazioaren bidez. Hura doan deskargatu daiteke play store edo appstore bidez. Martxoaren 15tik 21ra bitartean, aplikazio horretan botoa emateko atal bat egongo da. Aplikazioa erabiltzen dutenek Irurtzun hobetu atala erabil dezakete proposamenak egiteko.
Beste aldetik, botoa aurrez aurre emateko hiru egun izanen dira, betiere, nortasun agiria aurkeztuta: martxoaren 24an, ostiralarekin, 18:00etatik 20:00etara, martxoaren 25an eta 26an, larunbatarekin eta igandearekin, 12:00etatik 14:00etara. Botoak jasotzeko kutxa osasun etxeko arkupeetan jarriko da. Botoa eman eta proposamenak aurkezteko azken aukera preparirurtzun@gmail.com helbide elektronikora mezua bidaltzea da. Mezuan izen-abizenak eta nortasun agiriaren zenbakia adierazi behar dira, jasotako mezuak erroldarekin erkatuko baitira. Jasotako botoak zenbatu eta boto gehien duen proposamena udalari aurkeztuko dio taldeak, aurrekontuetan sar dezan.
Proiektuak
Hilerriko jaitsieran asfaltoa konpontzea
Plazaolatik elizarantz jaisten den Hilerriko Bidea edo Erga kalean galtzadaren zati bat hainbat lekutan altxatuta dago. Inguruko zuhaitzen sustraiek eragindako mugimenduagatik asfaltoa pixkanaka hondatuz joan da. Narriadura hori nabarmenagoa da Plazaola eta kanposantu parearen arteko zatian. Proiektu horren helburua da egungo galtzada altxatzea eta asfaltatze berria egitea.
Larrazpiko sukaldea, leihoak eta instalazio elektrikoa hobetzea
Larrazpi Irurtzungo 16 eta 30 urte arteko gazteei hainbat jardueratarako utzitako udal lokala da. Irurtzungo Musika Eskolako beheko solairuan dago. Proiektuak leihoak konpontzea eta egungo elektrizitate instalazioa aldatzea aurreikusten du. Gainera, sukalderako hainbat elementu instalatzea ere aintzat hartzen du, hala nola, suak, ke erauzgailu kanpaia, lan mahaia harraskarekin, ontzi garbigailua, hozkailua eta apalak.
Intxaularre parkean iturria eta barbakoak jartzea
Etxeberrirako errepidearen ertzean, industrialdearen eta Larruan ibaiaren parean dago Intxaularre parkea. Parkean 33 intxaurrondo daude, Atakondoako neska-mutilek auzolanean jarriak. Intxaularre izena jarri zitzaion parkeari, hiru ikaslek proposatuta. Proiektu horren bidez, parkeko mahai eta bankuen egungo hornidura osatzea proposatzen da. Horretarako, iturri bat, dagokion ur hodia eta barbakoak jarri beharko dira.
Frontoi atzeko parkea estaltzea
Azken urteetan, haur parke hori handitu egin da aisialdirako altzari berriak jarrita. Jende asko ibiltzen da leku horretan, eta jende askok erabiltzen du. Udako hilabeteetan haurrentzako jolas-eremu horri itzala emango dion eta beste une batzuetan euritik babestuko duen estalkia jartzea proposatzen da.