Espainiako Kluben Arteko Pilota Txapelketako final handian egoteko txartelagatik borrokatu ziren Irurtzun kluba eta Urbion kluba marsuaren 12an Irurtzunen.
Buruz Buru, Retegi Bik (Irurtzun) Senar (Urbion) izan zuen aurkari, eta Senar gailendu zen, nagusitasun osoz (10 eta 5 eta 10 eta 0). Binakako partidara, beraz, presio handiarekin atera ziren Aingeru de la Fuente eta Josu Bergera (Irurtzun). Urbion klubeko Cabrerizori eta Olideni irabazi zieten, 10 eta 8 eta 10 eta 3, baina tanteoa kontuan hartuta, Senarrek buruz burukoan lortutako abantaila handiagoa izan zen eta, 6 tantoren aldearengatik Urbion sailkatu zen Espainiako Kluben Arteko Pilota Txapelketako finalera. “ Txapelketa hastean ligako azken jardunaldian finalera sailkatzeko aukerak izatea gustura sinatuko nuke. Mutilek dena eman dute, eta ezin gara kexatu. Txapelketa ona egin dute” azaldu du Irurtzun klubeko arduradun Miguel Berazak.
Nolanahi ere, Irurtzun ez da esku hutsik atera. Espainiako Kluben Arteko Pilota Txapelketako taldekako ligaxkan hirugarren sailkatu da, eta banakako lana kontuan hartuta, laugarren eta bigarrenak. Gainera, erronka ederra dute aurretik, txapelketan egindakoari esker marsuaren 24tik 26ra Errege Kopa jokatuko baitute Logroñon. Azken aldaketarik ezean, buruz burukoan Retegi Bik ordezkatuko du Irurtzun eta binakakoan Aingeru de la Fuentek eta Josu Bergerak.
Nafarroako selekziora
Nafarroako Pilota Federazioak GRABNI eta bestelako txapelketetarako 150 pilotari hautatu ditu, eta tartean daude Irurtzun klubeko bost pilotari: Adrian Azpiroz eta Aingeru de la Fuente, gazteetan, eta Josu Bergera, Alberto Ongay eta Retegi Bi, seniorretan.