Marsuaren 10ean, Euskal Herriko Kluben Arteko Ohorezko Mailako Paleta Gomako finala jokatu zuten San Juan B taldeko Asier Galarza irurtzundarrak eta Andoni Alberro iruindarrak Legutio B taldeko Gereñuren eta Arronizen kontra, Bakion. Final estu eta gogorrean gailendu eta gero, Galarzak txapela etxera ekarri du.
Frontenis txapelduna zara. Noiz hasi zinen paleta goman?
18 urtera arte esku pilotan aritzen nintzen, eskuek ongi iraun zutenera arte. Gero frontenisean hasi nintzen, eta oraindik jarraitzen dut. Baina duela urte eta erdi, lagun batek tentatuta, paleta goman hasi nintzen, Nafarroako Hirugarren Mailako Txapelketan. Hura irabazi eta gero, Bigarren Mailara igo nintzen. Neguan Bigarren Mailako bi txapelak irabazi ditut, Banakakoa eta Binakakoa, eta Lehen Mailara igo naiz. Egia esan, ez nuen uste urte eta erdian maila honetan egongo nintzela. Ez nuen espero, inondik inora.
Egun palan zentratuta al zaude?
Irailean, denboraldia hasi zenean, bietan nenbilen. Baina palan aurrera pausoa emateko frontenisa pixka bat albo batera uztea gomendatu zidaten. Gainera, ez zen Nafarroako Frontenis Txapelketa atera, eta palan zentratu nintzen. Nik antolatzen dudan Eguberrietako Irurtzungo Frontenis Txapelketan izan ezik, azken hilabeteetan ez naiz frontenisean aritu. Hori bai, maiatza aldean frontenis entrenamenduei ekingo diet, udako 24 orduko frontenis torneoetan lehiatzeko.
San Juan klubeko palista zara. Euskal Herriko Kluben ArtekoTxapelketan Andoni Alberro izan duzu bikotekide.
Aurten elkarrekin jokatzeko proposatu zidan Andonik. Eta klubak, San Juanek, Euskal Herriko Kluben Artekoan parte hartzeko aukera eman zigun. Gu San Juan B taldea ginen, eta San Juan A taldekoak Urtasun eta Legarra ziren. Paleta Gomako Ohorezko Mailan zazpi bikotek parte hartu genuen.
Nolakoak ziren arerioak?
Egia esan, txapelketa nahiko gogorra izan da. Lehendabizi ligaxka jokatu genuen, guztiak guztien kontra. Guk hiru partida irabazi genituen eta hiru galdu, eta laugarren postuan sailkatu ginenez, finalerdietan ligaxkan lehendabizi sailkatu zen bikoa izan genuen aurkari: Larrabetzuko Erlantz Garcia eta Mikel Artaraz. Beraiek ziren faborito argiak, ordura arte dena irabazi baitzuten. Guk nahiko erraz galdu genuen euren kontra ligaxkako partidan. Finalerdia Larrabetzun jokatu zen, eurak ziren faborito nagusiak, baina partida oso ona jokatuta, gu gailendu ginen.
Hortaz, sorpresa eman zenuten. Agian faboritoak zirelako zuek presiorik gabe jokatu zenuten, lotsagabe, eta horrek mesede egin zizuen.
Baietz esango nuke. Guk ez genuen ezer galtzeko, beraiek zirelako faborito argiak. Pentsa, 25 partida zeramatzaten jarraian irabazita. Gainera, euren etxean jokatu genuen. Egia esan, ia bukaerara arte lotsagabe aritu ginen, izugarri arriskatuz, baina bukaera aldean, irabazteko aukera genuela ikusi genuenean, paperak aldatu ziren. Beraiek gehiago arriskatzen hasi ziren. Azkenean estu-estu ibili ginen: 23ra berdindu eta gero, azkeneko bi tantoak gure alde erori ziren eta 25 eta 23 irabazi genuen.
Beraz, txapelketako faborito nagusiak irabazita iritsi zineten finalera. Marka guztiak apurtuta. Finalean Legutio B taldea zenuten aurkari.
Legutio B-koak joan zen urteko txapeldunordeak ziren, Gereñu eta Arroniz. Ligaxkan euren kontra galdu egin genuen. Lehendabiziko partida izan zen, eta inozente xamar aritu ginen. Beraiek ere finalerdian sorpresa ematetik zetozen, gure klubeko San Juan A taldeko Urtasun eta Legarra irabazi zituztelako.
"Finala luzea eta gogorra izan zen, ordu bat eta 40 minutukoa. Guk hobe eutsi genion"
Nola planteatu zenuten finala?
Partida gogorra espero genuen, baina behin finalera helduta, irabazteko nahia genuen. Gereñuk eta Arronizek oso bikote gogorra osatzen dute eta partida luzeak jokatzen dituzte, oso fisikoak. Hasieran ez zitzaizkigun jokaldiak oso ongi atera, eta beraiek abantaila txikia hartu zuten. Guk ere partida gogortu beharra genuela jabetu ginen, eta horretan saiatu ginen. Tarte horretan beraiek baino gehiago asmatu genuen, eta abantaila nahikoa hartzea lortu genuen, bukaerara arte mantendu genuena. 25 eta 18 irabazita, oso kontentu gaude. Beraiek fisikoki gehiago nekatu ziren eta guk hobeto eutsi genuen. Partida oso luzea izan zen, ordu bat eta 40 minutu ingurukoa. Hori paleta gomarako asko da.
Atzelariek lehertuta bukatuko zuten.
Partida luzeetan atzelariak karga gehiago hartzen dute fisikoki. Esku pilotan nabaritzen bada, paleta goman are gehiago. Gainera, Legutiokoek ia dena atzera jokatzen zuten. Halakoetan, batzuetan aurrelariok atzerapauso bat eman behar izaten dugu, bikotekidea laguntzeko, gero aurrera pauso bat eman ahal izateko. Horretan saiatu nintzen.
Noiz duzue hurrengo txapelketa?
Maiatza eta ekainean Nafarroako Lehen Mailako Paleta Gomako Binakako Txapelketa jokatuko da eta Andoni Alberrorekin jokatuko dut. Lehen Mailako saltoa gehienbat abiaduran nabaritzen da. Nafarroan paleta goman sekulako maila dago, bai gizonezkoetan eta baita emakumezkoetan ere, eta denbora luzez goian egotea ez da erraza. Baina saiatuko gara.