Bi atxilotu kontrolean

Guaixe 2023ko mar. 23a, 10:25
Guardia Civilak kontrolean atzemandakoa. UTZITAKOA

Alkoholdun botila ugari zituzten, batzuk zigiluak eta alarmak jarrita, baita eskuila elektrikoak eta kontserba-lata asko ere

Irurtzungo sarbidean berriki ibilgailuak kontrolatzeko eta egiaztatzeko kontrola jarri zuen Guardia Civilak. Han zeuden agenteek ibilgailu batek keinu arraroa egin zuela ikusi, susmoa hartu eta geldiarazi egin zuten. Barruan 39 eta 25 urteko bi gizonezko zihoazen, Bilbon bizi direnak. Guardia Civilaren arabera Espainian egoera irregularrean zeuden. Hori dela eta, Iruñeko Polizia Nazionaleko Atzerritartasun Brigadaren esku utzi zituzten bi gizonezkoak, egonaldi irregularra leporatuta

Aurretik, ibilgailua miatzerakoan, maletategian ardo botilak, xanpaina eta alkohol graduazio handiko ia berrogeita hamar botila opatu zituzten, hainbat markatakoak, batzuk zigiluak eta alarmak jarrita, eskuila elektrikoak eta kontserba latak; guztiei supermerkatuko produktuen antza hartu zieten agenteek. Gainera, alarma sistemak manipulatzeko tresnak eta aluminiozko paperez estalitako motxila bat ere aurkitu zieten, alarmak baliogabetzeko metodo ezaguna dena. Gizonezkoek produktu haien jatorria zein zen egiaztatzerik ez zutenez izan, agenteek produktuak konfiskatu eta gizonezkoak atxilotu zituzten. Erosketa fakturarik aurkezten ez badute lapurreta egotziko diete.