Konferentzian legegintzaldiko azken urteko argilunak agerian gelditu ziren

Guaixe 2023ko mar. 27a, 10:04

Maria Chivite eta Bernardo Ziriza kontseilariak alkateei azalpenak ematen. UTZITAKOA

Foru administrazioaren Lehendakari Maria Chivite Navascuesek bere gobernuaren urteko jarduna berri eman zien alkateei Irurtzunen. EH Bilduko ordezkariek tokiko maparen garapena eta bestelako gabezien berri eman zioten.

Aurreko urteetan bezala, Nafarroako Gobernuaren eta Tokiko Erakundeen arteko Elkarrizketaren III. Konferentziagatik Maria Chivite Navascues presidentea Nafarroako eskualde guztietatik pasako da heldu den egunetan. Chivitek ekimena gobernuak gobernantzarekiko duen konpromisoaren baitan kokatu zuen, eta  udalerriak eta kontzejuak "ezinbesteko parte" direla gaineratu zuen. "Baterako gobernantza horrek eskatzen du alderdi bakoitzak bere erantzukizuna onartzeaz gain, batzuen eta besteen arteko elkarrizketa-mekanismoak ezartzea", gehitu zuen. Era berean, udal ordezkariei eskerrak eman zizkien zerbitzu publikoak bermatzeko egiten duten lanarengatik, horri esker posible izan baita "gure bizilagunen bizimoduari eustea krisi segida honetan".

Bilkura horietan Chivitek gobernuak egindako lana eta egin ez duena azaldu eta tokiko erakundeen eskaerak jasotzeko baliatzen du. III. Konferentzia horren lehen geldialdia Irurtzunen egin zuen hilaren 17an eta Larraungo eta Sakanako alkateekin elkartu zen.  Lehendakariarekin batera, Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Ciriza eta Toki Administrazioko zuzendari nagusia den Jesus Mari Rodriguez izan ziren. 

Lorpenak 
Lehendakariak Irurtzunen toki finantzaketarako eredu berria ezarri izana nabarmendu zuen.  "Zuzenagoa, solidarioagoa eta nahikoa da". Azaldu zuenez, Larraun eta Sakanako toki erakundeei aukera eman die finantzaketa bataz beste %45 gehitzeko, esate baterako, Altsasuko baliabideak %38 hazi dira (3,2 milioira bitarte), Irurtzunen igoera %46koa izan da (1,15 milioira bitarte) eta Uharte Arakilen %40 (360.000 eurora bitarte).

Bestetik, Hezkuntzaren aldeko apustua mugarri garrantzitsua izan dela gaineratu zuen, eta Sakana Lanbide Heziketa institutuaren "asmo handiko eskaintza" azpimarratu zuen, "batez ere, zuen errealitate soziolaboralera hurbiltzen dena, industria metalurgikoan garrantzi berezia izanik". Hobekuntzen artean, heziketa-zikloak 10 izatea eta Altsasu Nafarroan LH Dual Intentsiboa estreinatzeko hautatzea aipatu ditu. Horri gehitzen zaizkio, baita ere, seihileko honetarako programaturiko enplegurako 17 prestakuntza ikastaro, 255 plazarekin. Azpiegiturei dagokienez, azaldu zuen Irurtzungo saihesbidea trafikoarentzat hilabete akaberan irekiko dela. 
Etxebizitza, garraioa, euskara eta iraunkortasuna

Etxebizitzari dagokionez, birgaitze energetikorako Biziberri plana gogora ekarri zuen; horren esparruan, proiektuak bultzatzeko aholkularitza jasotzen dute 17 udalerrik. Garraioari dagokionean, Gasteiz-Iruña ibilbide berriak nabarmendu zituen, laster abian jarriko direnak. Horretaz aparte, Euskarabideak euskararen erabilera soziala zabaltzeko garatutako programak aipatu zituen. Eta, azkenik, iraunkortasunari buruzko bi proiektu aipatu ditu: autobiak moztutako bi eremuak lotuko dituen korridore ekologikoa eta ekonomia zirkularraren aldetik, Sakanako konpostaje planta berria.

Gabeziak 
EH Bilduko alkateek Chiviteri adierazi zioten, batetik, "borondate politikorik" ez duela izan zenbait gaitan, eta horien artean tokiko mapa garatzeko beharra nabarmendu zuten. "Tokiko erakundeen eta, azken batean, lurraldearen egituratze eta kohesio elementutzat" dute mapa koalizioko alkateendako. Haien iritziz, "Nafarroako Gobernuak blokeatu egin du Foru Legearen garapena eta, horrekin, tokiko sarearen arazoa enkistatu du, tokiko erakundeak betiko behin-behinekotasun-egoeran jarraitzera behartuz, eskualdeak egituratu gabe, etorkizuneko erronkei aurre egitea zailtzen duen egitura zaharkitu batekin”, kritikatu zuen EH Bilduk.

Bestetik, EH Bilduko alkateek Sakanari eragiten dieten arazoei ere erreparatu zieten, esaterako, "hiriarteko garraioa edo alokairuko etxebizitza publikoaren eskasia". Horiek despopulazioa areagotzen duten faktoreak direla azaldu zioten lehendakariari. Bestetik, ibarrean ezarri eta proiektatu diren azpiegitura handiak, lurraldea egituratzen ez dutenak eta inpaktu ekologiko handia sortzen dutenen berri eman zioten: Abiadura Handiko Trena, goi tentsioko lineak edo Aralarko gasbidea. Osasun arloan Lehen Arretan "ez da behar adina aurreratu", zehaztu zuten EH Bilduko alkateek. Koalizioko alkateek "lurraldearen errealitatean eta beharretan oinarritutako estrategia jasangarrien” alde egin zuten, "gaur egungo egoerara eraman gaituzten egiturazko politika berak errepikatu gabe".