Areto futbola

Osasuna Magna Xotak gehiegi barkatu zuen

Guaixe 2023ko mar. 27a, 10:31
Osasuna Magna Xota modu guztietara saiatu zen, baina ezin. XOTA

El Pozo Murciaren kontra etxean jokatutako partidan talde irurtzundarrak ez zuen punturik bildu, gol aukera nabarmenak huts egiteagatik

Asteburuan Lehen Mailako Areto Futboleko 24. jardunaldia jokatu zuen. Anaitasunan betikoa gertatu zen: Osasuna Magna Xotak gehiegi barkatu zuela. Horrek, jakina, ondorioak ditu, eta El Pozo Murciak berdeen punteria faltari mesede atera zion, 0 eta 2 irabazita hiru puntu oso gozorekin itzuli ziren Murtziara. Aldiz, Xotakoek burumakur bukatu zuten. 

Hasieratik partida maldan gora jarri zitzaion Imanol Arregiren taldeari, defentsa akats batengatik 0 eta 1 aurreratu baitzen El Pozo, Taffiri esker. Osasuna Magna Xotak aukerak sortu zituen, baina ez zituen gauzatzen. Tonik, Fabinhok, Dani Zurdok... aukerak izan zituzten, baina baloiak ez zuen sartu nahi. El Pozok ere bere jokaldiak sortu zituen, baina Asier Llamas atezain irurtzundarrak ongi zaindu zuen atea. 

Bigarren zatian joera beretik jarraitu zuen partidak. Jokaldi eder asko, baina gauzatzen ez zirenak. 34. minutuan Felipe Valeriaren jaurtiketak Xotaren ate barruan bukatu zuen eta 0 eta 2 aurreratu zen El Pozo. Partida bukatzeko 6 minutu falta ziren eta Imanol Arregik atezain-jokalariaren figuraren alde egin zuen. Azken minutu horietan partida izugarri berotu zen. Kexuek eta txartel horien dantza hasi zen. Imanol Arregik ere ohartarazpena jaso zuen, protestatzeagatik. Osasuna Magna hutsuneak bilatzen saiatu zen, baina El Pozo Murciak oso ongi defendatu zuen eta berdeek 0 eta 2 galdu zuten.

Beste behin, punteria eta gol faltak kondenatu zuen talde nafarra. “Golik ez baduzu sartzen, ezin duzu irabazi” adierazi zuen Imanol Arregik partida bukaeran. “Denboraldi guztian gertatzen ari zaiguna da. Ez dugu golik sartzen, eta horrela ezinezkoa da. Taldeak gol aukerak sortzen ditu, sufritzen du eta lehiatzen du, baina gero ez ditugu gauzatzen. Eta horrela oso zaila da” azaldu zuen. 

Lehen Mailako liderra Barça da (55 puntu). Osasuna Magna Xota hamargarren da (25 puntu). Asteburuan sailkapenean zazpigarren den Viña Albali Valdepeñas du aurkari talde irurtzundarrak, Ciudad Realen jokatuko den partidan.