Davidek ahotsa jartzen du, Aritzek eta Kepak gitarra jotzen dute, Jolen bateria-jolea da eta Adrik baxua jotzen du. Irurtzungo boskoteak aspaldi zeraman "zerbait jotzeko" elkartu behar zirela esanez, eta 2018ko bukaeran Irurtzungo Musika Eskolan entseatzeko elkartu ziren. "Antzeko musika estiloa gustatzen zaigu, eta talde bat sortu nahi genuen". Aurretik zenbait taldetan ibilitakoak dira, baina "betidanik" nahi izan zuten elkarrekin zerbait egin. Horrela sortu zen SALV Rural Hardcore taldea. Martxoaren 25ean, larunbatean, kontzertua eman zuen Altsasuko Gaztetxean, Damned Ritual Iruñeko taldearekin batera.
SALV Rural HXC taldearen estiloaren inguruan "nahasketa" dela esan dute taldekideek. "Denok entzun dugu punka, metala, hardcorea... Eta dena elkartzen dugu. Guztien influentzia nahasketa bat egiten dugu. Ateratzen dena ateratzen da". Ez dute estilo jakin bat bilatzen. Entzuten dituzten musika taldeen artean Cicatriz, Rip, La Polla, Eskorbuto eta punk-agoak diren taldetatik New York Hardcoreraino joaten da, Agnostic Front, Terror, Anestesia edota Slipknot. "Bakoitzak bereak ditu, bere estiloa jartzen du eta dena nahasten dugu". Horregatik Rural Hardcore: "Batzuk street-punk, beste batzuk bestea... Emaitza: rural hardcore, herriko hardcorea, herritik eta herriarendako egindakoa. Jende arruntarena eta jende arruntarendako egina. Gu bezala".
Bizipenak
Momentuz bederatzi abesti sortu dituzte eta zuzenekoetan ere hiru edo lau bertsio jotzen dituzte. "Gehienbat bizipenei buruzko letrak dira, kritika soziala eta gauzak ikusteko modu desberdinak. Beste batzuk giroa sortzeko eta mugitzeko abestiak dira, besterik gabe". Kantak sortzerako orduan ez dute "metodo" jakin bat. "Baten batek ekarri dezake etxetik zerbait sortua eta entseguetan lotzen eta sortzen joaten gara. Modu desberdinetan egiten dugu". Batzuetan letra aurretik sortzen dute eta horren gainean musika jartzen dute, "gehienetan horrela izaten da", eta beste batzuetan melodia sortzen hasten dira eta ondoren letra jartzen dute. "Gauzak sortzen joaten dira, ez dugu pentsatzen abesti bat egin behar dugu eta horretan jartzen gara, batzuetan ez delako ezer ateratzen".
Rural Hardcore, beraz, herrian egindako jende arruntarendako hardcorea dela esan nahi du, baina nondik dator SALV? "Horrek badu bere istorioa. Ez da ingelesa. Se Atormenta La Vecina esan nahi du". Irurtzungo musika eskolan entseatzen ari zirela leihoek Bi Ahizpei ematen dute eta paseatzeko bidetxo bat dago, "bateria jotzen ari nintzen eta emakume bat txakurrarekin paseatzen ari zela ezpainetan irakurri nion argi eta garbi irain bat. Atera zitzaidan: Se atormenta la vecina!". Horrela gelditu zen izena, baina izen osoa jartzen badute, "kartel osoa" beharko lukete.
Zuzenekoak
"Egia esan, nahikotxo mugitu gara". Inguruan eman dituzte kontzertu gehienak, baina Elizondon, Urretxun eta Txantrean, esaterako, zuzenekoak egin dituzte dagoeneko. Altsasuko II. Sugarrafest jaialdian jo zuten eta bihar Altsasuko Gaztetxera itzuliko dira. Kontzertu "motzak eta sendoak" ematen dituzte. "Hardcore musika estilo bat da. Eta, hau ordu eta erdiz entzunez gero, kontzertua amaitzea nahi duzu eta hori ez dugu nahi. Ez dugu jendea aspertu nahi". Hardcoreko kontzertuak "intentsoak direla esan dute. "Motzak egitea gustatzen zaigu jendea gogotan gelditzen delako ere". Jendea eszenatokiaren aurrean, gertu, egoteak ere motibatzen dituela esan dute.
Youtuben igo duten lehenengo bideoklipari esker jendea taldea ezagutzen ari dela esan dute kideek. "Gaur egun zerbait bisuala egin behar duzu eta sare sozialen bidez mugitu. Jendeak ezagutzen zaitu eta horrregatik ari gara mugitzen". Ezagutzera emateko zerbait egin behar zutela pentsatu, "eta zortea dugu inguruan baditugulako laguntzeko prest dauden lagunak: argazkilariak, bideogileak... Jende pila bat etorri zen ere grabatzera”.
Apirilaren 17an bere lehen estudio lana izango dena grabatzera sartuko dira, eta beste bideoklip bat ere grabatuko dute.