Damaren itzulera

Guaixe 2023ko mar. 27a, 13:50

Martxoaren 31n, apirilaren 1ean eta 2an, ostirala, larunbata eta igandean, Irurtzungo antzerki tailerraren 'La dama vuelve' antzezlanaren emanaldia izanen da.

Ibilbide luzea dauka Irurtzungo Antzerki Tailerrak. Duela hogei urte baino gehiago sortu zen, Patxi Mikeo kultur teknikariak tailer eta ikastaro berriak ateratzeko proposamena luzatu zuenean. Tere Otxoa irurtzundarrak antzerki tailerraren ideia bota zion, eta horrela sortu zen Irurtzungo Antzerki Tailerra hamar kiderekin. Ordutik, urtero antzezlan bat taularatu dute eta aurten martxoaren 31n, ostirala, La dama vuelve antzezlana mustuko dute, Irurtzungo kultur etxean. Guztira, lau saio eginen dituzte: martxoak 31, ostirala, 19:00etan eta 21:00etan; apirilak 1, larunbata, 19:00etan, eta apirilak 2, igandea, 19:00etan. Sarrerak bost eurotan eros daitezk Irurtzungo Udaleko webgunean eta kultur etxean. Urtero egiten dituzten saio guztietan sarrerak agortuta kartela jartzen dute. Antzerki tailerrean izandako garapenaren erakusle izanen da lana.

"Tailerrean gehiago gara, parte hartzea handitu egin da. Horrek esan nahi du aukera gehiago ditugula, erregistro gehiago, istorio gehiago kontatzeko". Horrela hasten da Irurtzungo Antzerki Tailerrak ostiralean, larunbatean eta igandean emanen duen La dama vuelve antzezlanaren sinopsia. Antzerki tailerrak irekiak dira, eta kide gehienek urtero errepikatzen duten arren, bizitzaren gora beherak eta zenbait arrazoi direla, tailerrean joan eta etorriak izaten dira. "Utzi zuen jendea itzuli da eta jende berria agertu da". Ospatzeko arrazoia dela diote Irurtzungo tailerretik.

Dama
Antzerki tailerra "topagune" bat dela esan dute Irurtzundik eta "herriarekin partekatzeko istorio bat sortzen gozatzen duena". Hortaz, aurtengo antzezlanerako "duela urte asko utzi zigun dama bat itzuliko da taula gainera". La dama vuelve lana, beraz, itzuliko den dama horri buruz izanen da. "Herrian jakinminez eta ilusioz itxaroten dugu, egungo krisi garaian salbazioaren parte delako". Horretarako prestatzen ari dira herriko alkatea, maistra, medikua, epailea, apaiza, Martina anderea, arte ederretako ikaslea, gazteak, langabeak, gaztetako maitasuna...

'La dama vuelve' antzezlana

Sinopsia: Tailerrean gehiago gara, parte-hartzea handitu egin da. Horrek esan nahi du aukera gehiago ditugula, erregistro gehiago, istorio gehiago kontatzeko. Utzi zuen jendea itzuli da. Jende berria agertu da. Ospatzeko arrazoia da. Antzerki tailer hau topagune bat da. Jende anitzaren topaketa, herriarekin partekatzeko istorio bat sortzen gozatzen duena. Aurten, duela urte asko utzi zigun dama bat itzuliko da taula gainera. Herrian jakin-minez eta ilusioz itxaroten diogu. Dama hori, egungo krisi-garaian, gure salbazioaren parte delako. Merezi duen bezala hartu behar da, eta horretarako prestatzen dira alkatea, maistra, medikua, epailea, apaiza, Martina andrea, arte ederretako ikaslea, gazteak, langabeak, gaztetako maitasuna. Jo ditzatela herriko kanpai guztiak! Dama badator!

Fitxa artistikoa:

  • Dramaturgia eta zuzendaritza: Angel Sagües.
  • Antzezleak: Txus Abad, Peio Aldaz, Maria Eugenia Barroso, Julián Cuevas, Beatriz de Esteban, Paulina Dicheva, Miguel Eslava, Mariana Espuny, Txeli Garcia, José Ramón Irure, Lucia Muñoz, Cristina Olza, Rosa Ramón, Andoni Ruiz, Arlane Sancho, Enara Urra.

Emanaldiak:

  • Martxoak 31, ostirala, 19:00etan, Irurtzungo kultur etxean.
  • Martxoak 31, ostirala, 21:00etan, Irurtzungo kultur etxean.
  • Apirilak 1, larunbata, 19:00etan, Irurtzungo kultur etxean.
  • Apirilak 2, igandea, 19:00etan, Irurtzungo kultur etxean.

Sarrerak: 5 euro, Irurtzungo Udaleko webgunean eta kultur etxean.