Igerileku azpian duen lur sail batean, Irurtzungo Udalak herritarren auto kontsumorako baratza ekologikoak sortu nahi ditu. Igerileku azpian duen lur sail batean, Irurtzungo udalak herritarren auto kontsumorako baratza ekologikoak sortu nahi ditu. Haien bidez, Irurtzungo Udalak bost helburu lortu nahi ditu. Batetik, aisialdia modu praktiko eta aberasgarrian erabiltzea. Aldi berean, nekazaritza bulkatzea. Horrekin batera, nekazaritza tradizionalaren zenbait usadio eta ohitura berreskuratu nahi ditu. Bestetik, udalaren asmoa da herritarren artean ingurumenarekiko ezagutza eta errespetua sustatzea. Azkenik, baratzen bidez, harreman pertsonalak sustatzea, gizarte sare bat sortzea nahi luke udalak.
Berrozko ekobaratzak 31 izanen dira, bakoitza 100 metro karratuko azalera izanen duena, itxitura eta zenbaki bidez identifikatuko dira. Udalak partzela bakoitzean ur hartunea jarriko du, baita baratzeko tresnak gordetzeko kaxoi bana ere. Arautegian udalak jaso duenez, baratza ekologikoetan ezin izanen da negutegirik jarri. Bertan ezin izanen duten animaliarik sartu eta debekatuta egonen da barbakoarik jartzea.
Udalaren asmoa da eskatzaileen arteko zozketa egitea eta hala baratzeen %80 banatzea, gainontzeko %20 irizpide sozialak kontuan izanik banatuko ditu. Baratza eskuratzen duenak, bi urtez landu ahalko du hura, eta beste hiru urtez luza dezake. Eskaera berririk ez balego, berritzen joanen litzateke lurraren erabilera baimenak. Baratza eskuratzen duen bakoitzak udalari urtero 50 euro ordaindu beharko dizkio.
Kudeaketa eta parte hartzea
Irurtzungo Udalak Berrozko baratza ekologikoetarako ondutako araudian jasotzen denez, haiek ureztatzeko 25.000 litroko bi biltegitan hartuko da igerilekutik jasotako ura, baratzeetan berrerabiltzeko. Bestetik, lurra ongarritzeko herrietako auzo-konpostagailuetan sortutako luarra edo konposta erabiliko da ekobaratzetan. Bestetik, Arakilen tokiko haziak sustatzeko proiektuari Berrozko baratza ekologikoetan bulkada eman nahiko liokete. Horregatik, bertako hazien erabilera sustatuko dute baratza hartzen dutenen artean, baina inor ez da haiek erabiltzera behartuta egonen.
Baratzak hartzen dituzten guztien artean batzorde bat sortzea nahi luke udalak. Horrekin batera, 31 onuradunei zuzendutako bi prestakuntza saio ematea aurreikusi dituzte urtero, izan ere, baratza horien bidez agroekologia sustatu nahi baita. Horretarako, besteak beste, uraren erabilera eraginkorrean eta lurraren lanketa iraunkorrean trebatuko dituzte erabiltzaileak.
Baratza erabiltzaileen batzordea irekia izanen da, eta dinamika independenteak landuko dituela aurreikusi da. Proposamenak bulkatzeaz ere arduratuko da eta batzordearen ardura izanen da ere udalarekin harreman zuzena izatea.