Herriko kulturen arteko diagnosia eginda, irurtzundarren artean kulturen arteko topaketak aurrera egiteko "beharra eta nahia" zegoen.
Aurkezpenean arte hitzak aparteko protagonismoa hartu du. Arte hitz horrekin zeri egin nahi diozuen erreferentzia?
Begoña. Zentzu bikoitza dauka. Kulturen artean bizi diren pertsonen hartu-emana bultzatu nahi du, kulturartekotasunari keinu eginez. Eta ziklo honetan bereziki egun bat eskainiko zaiolako kulturen artearen adierazpenari bere osotasunean.
Zertarako artea?
B. Jatorri anitzeko pertsonen arteko hartu-emana bulkatzeko, elkarren artean ezagutzeko eta elkarbizitza baterako pausoak pixkanaka emateko, norberak berea duena eskainiz.
Arte hori nola zabalduko duzue irurtzundarren artean?
A. Ideia da sare desberdinak irekitzea. Hau elikagaietatik haratago doa. Bizikidetzari sustraietatik hartu nahi izan da eta lan polita egin da. Gehienbat, Anitzartean zerbitzua zoriondu egindako lanagatik.
Bizikidetza plan bat garatzen ari zarete Irurtzunen.
A. Urte pare bat daramatzagu lanketa txukun bat egiten. Horren haritik heldu da ziklo hau. Hurrengo pausoa da, azalean gelditzen ez dena. Nahi dena da jende dezentek lan hori partekatu dezala. Ez dadila ikusi bakarrik munduko arrozetan edo beste garai jakinetan. Folkloretik aparte, parte hartu eta elkar ezagutzea. Bakoitzak pertsonak ezagutzea, hori lantzea. Horrekin ere aurreiritzi asko kenduko genituzkeelako. Zikloaren ideia hori da.
Horretarako artea bitarteko.
B. Bai. Artea modu desberdinetan, hainbat egunetan.
Nola aletzen da?
B. Orain arte Irurtzunen munduko arrozak egiten ziren. Baina gastronomia edo elikagaietatik haratago zihoan beste zerbait egiteko premia zegoela ikusten genuen. Anitzartean Zerbitzuan kulturartekotasuna eta hainbat gai lantzeko ideia pila jasotzen ditu. Gastronomiatik harago joan behar genuela ikusita, eta proposamen horiei erantzuna eman nahian sortu da hiru eguneko kulturen arteko zikloa, egun bakoitzak ildo bat izanen du.
Noiz da lehen eguna?
B. Larunbat goizean izan zen. Jasotako proposamenen artean daude herriko zerbitzu batzuk ezagutzeko nahia. Ezagutzen dira non dauden, baina ez hainbeste haien funtzionamendua. Horregatik, kultur etxean eta Pikuxar euskal txokoa ezagutzeko aukera izan zen. Eguerdian, berriz, hizkuntza aniztasuna izan zen ildoa. Mank-eko Euskara Zerbitzuak 11 hizkuntza, 11 kolore ekimena landuzuen. Izaskun Mugikak ipuinak kontatuko zitueneuskaraz. Ipuinak kitxueraz entzuteko aukera izan zen ere. Ondoren, tailerren bidez, hitz edo esaldiak hainbat hizkuntzatan jasotzeko aukera izan zen. Arabiera, bulgariera, kitxuera, errumaniera, erromania, amazigera, wolofera... Halako grafiak izan ziren presente. Egun horretarako munduko esaeren liburu erraldoia osatu genuen. Bertan jaso dira Irurtzun eta Arakilgo bizilagunek haien sorterrietan erabiltzen dituzten esaerak. Batzuk haien ama hizkuntzetan daude, beste batzuk ez. Larunbatean esaera liburuan beste esaldi batzuk jaso genituen. Beste txoko batean, azkenik, munduko sehaska kanten txokoa izan zen.
Kontu gehiago badaude?
B. Bai, zikloak beste bi data ditu itxita: maiatzaren 20a eta garagarrilaren 10a. Baina, tarteko, elkarlanari esker, maiatzaren 11n, ostegunarekin Pikuxarrera Amets Arzallus etorriko da Miñan liburua aurkeztera.
Maiatzaren 20an, zer?
B. Arte hitza horren barruan, margogintza, gena, joskintza ziurrenik eta dantza tailerra. Oraindik gauzak gehitu daitezke maiatza bitartean. Gazteekin zerbait ixtekotan gara. Dena den, datak hurbildu ahala berri zehatzagoa eskainiko dugu.
Munduko Arrozek ez dute hutsik eginen, ezta?
B. Aurtengoa 12. edizioa izanen da, garagarrilaren 10ean izanen da, beti bezala 10:00etatik aurrera. Sukaldean aritu nahi duen edozein gonbidatuta dago. Eta proposamenak egin nahi dituztenek Anitzartean zerbitzura jo besterik ez dute. Egun horrek sinbologia bat du: arroza mundu guztian jan daitekeen elikagaia denez, mundutar guztiak berdin egiten gaitu. Baina sorterria, ohitura, kultura eta abarren arabera prestaketa desberdina da. Nolabait, berdinak bezain desberdinak garela adierazten du. Ez da zergatik arroza prestatu, baten batek egun horretan beste jakiren bat prestatu nahi badu, ongi etorria izanen da. Asmoa da, beti bezala, Irurtzungo aniztasuna plazaratzea eta goiz batez aldamenak pixka bat hurbiltzea, egun eder bat pasatzea eta goiza aho zapore onarekin bukatzea.
Udalarendako zein garrantzia du hainbat kulturatako irurtzundarren artean topaguneak sortzeak?
A. Handia, ikusi da. Irurtzun bezalako herri anitz batek berebizikoa du bizikidetza eta horrelako gaiak jorratzea. Hemen bi migrazio izan dira, XX. mendeko 60ko hamarkadakoa eta oraingoa. Bere garaian jakin izan zen bizikidetza hori ezartzen eta orain jakin behar dugu, hemendik denbora batera hori aurrera eramaten.
Bizikidetza plan horren barruan ildo garrantzitsu bat Hezkuntza da.
A. Bai, lantzen ari gara. Anitzartean zerbitzua eskolarekin lan dezente egiten ari da uneoro. Gaztetxokoa, nahiko garrantzitsua dena, 12 eta 15 urte arteko gaztetxoekin lantzen ari da. Eta taldekoen lana. Hori aurrera eramatea zutabe oso garrantzitsua da.
Kultur Kontseilua dagoen bezala, bizikidetza planak bere batzordea du?
A. Lantalde bat dago. Diagnosiaren harira neurri batzuk planifikatu ziren. Lantalde hori diagnositik ateratako ekimenak, edo egin beharko litzatekeen jarraipena egiten aritzen da. Bakarren batek interesa badu parte har dezake. Ahalik eta anitzen eta ahalik eta esparru gehien hartzen baditu lantalde horrek, askoz hobe.
Aipatu dituzue sehaska kantak eta ipuina, entzumena. Idazmenarekin ikusmena eta ukipena. Jatekoak prestatzearekin usaimena eta dastamena. Kulturartekotasuna zentzuen bidez sartuko duzue Irurtzunen?
B. (Barrez) Ba, bai. Ez zen hori hasierako planteamendua, baina, hala da. Zentzu guztia dauka.
Zikloa prestatzen zein dabil?
A. Hemen dugu protagonista. Anitzartean Zerbitzua eta Begoña sekulako lanketa egiten ari dira. Laguntza du, baina bera da zutabe garrantzitsuena.
B. Eskerrik asko, Aitor. Hau ez da posible hainbat irurtzundar eta zerbitzuren laguntza gabe. Ezinen litzateke antolatu. Hori ere bada helburuetako bat. Zeren, horrek hurbiltzen gaitu. Eta hor laguntzen du elkarrekiko ditugun edo izan ditzakegun estereotipoak eta aurreiritziak hausten. Aitorrek esan bezala, elkarbizitzarako lanketa sakona egiten ari da duela urte pare bat eta parte hartzea eta hurbiltzea agerian gelditzen ari da.