Pilota

Irurtzun Errege Kopako txapeldunorde

Guaixe 2023ko api. 4a, 10:50

Errege Kopako finalista guztiak. UTZITAKOA

Irurtzun Klubeko pilotariak 84. Errege Kopako finaletara sailkatu ziren, finalerdi ikusgarriak jokatu eta gero, baina finaletan erori ziren

Logroñoko Adarraga pilotalekuan jokatu zen 84. Errege Kopa, marsuaren 24tik 26ra. 
Marsuaren 24an eskuzko modalitateko finalerdiak jokatu ziren. Buruz Buru Julen Retegik Irurtzun kluba ordezkatu zuen, San Atilanoko Eneko Labakaren kontra. Retegi Bi ikusgarri aritu zen, konfiantzaz eta lasaitasunez, eta bi jokoetan nagusitu zen, erraz, 10 eta 2 eta 10 eta 6 gailendu baitzen. Binakakoan Irurtzun klubeko Aingeru De la Fuentek eta Iosu Bergerak ez zuten inolako arazorik izan Huarteko Eneko Yoldi eta Mikel Beroiz mendean hartzeko. 

Final handiak marsuaren 26an jokatu ziren. Aipatu beharra dago finalerdietako partidaren gogortasunak ondorio nabariak izan zituela, pilotariak ez baitziren horren fin ibili. Julen Retegik, esaterako, ezin izan zuen finala jokatu eta Alberto Ongay satrustegiarrak hartu behar izan zuen bere tokia. Ongayk ezin izan zuen ezer egin Urbion klubeko Beñat Senarren kontra. Senar Ongayren gainetik pasatu zen, urakanak bezala, eta bi jokoetan 10 eta 0 gailendu zitzaion. Eta antzekoa gertatu zen Binakakoan. Aingeru De la Fuentek eta Iosu Bergerak Oberena klubeko Oihan Canabal eta Joseba Aldave izan zituzten aurkari. De la Fuente saiatu zen, baina Oberenakoek zapalgailua atera zuten eta Irurtzungoei ez zieten aukerarik txikiena ere eman. 

Beraz, Errege Kopako Buruz Buruko txapeldunordea eta Binakako txapeldunordea dugu Irurtzun.