Unai Razkin Iriarte izanen da EH Bilduren Irurtzungo alkategaia. Beraz, bi legegintzaldi alkate gisa egin ondoren, Aitor Larraza Carrerak ardura hori utziko du. Koalizioak Razkin aurkeztearekin batera, maiatzeko udal hauteskundeetan lagunduko dioten pertsonen zerrenda osoa aurkeztu zuen. Dozenaka lagun bildu dira bertan, besteak beste, alderdi politikoko hainbat hautetsi bai eta babesa erakutsi nahi izan duten bilkideak ere.
Ekitaldian EH Bilduko Nafarroako presidentegai Laura Aznalek hartu zuen hitza eta Razkinen “esperientzia politikoa eta gaztetasuna” balioa aitortu zituen, “heldu diren lau urteetarako oso baliagarriak izanen zaizkigunak”. Aznalek nabarmendu zuenez, “talde bikaina dugu Irurtzunen herriak aurrean dituen erronkei aurre egiteko, beti auzolanetik eta gardentasunetik lan eginez”.
Era berean, Aznal presidentegaiak EH Bilduk eta ERCk Estatuko Gobernuarekin Etxebizitza Legeari dagokionez lortu berri duten akordioa nabarmendu zuen. “Lortutako neurriek, hala nola alokairuaren prezioak mugatzeak eta etxegabetzeen aurreko babesak, onura zuzena ekarriko diote pertsona guztiek etxebizitza duina izateko duten eskubideari. Sakana bezalako landa eremuetan ere politika ausartak behar dira etxebizitza bat eskuratzeak dakarren arazoari aurre egiteko”, adierazi du”. Ziurtatu zuenez, “berriz ere erakutsi dugu, EH Bilduk akordioak lortzen dituenean, pertsonen bizi baldintzak hobetu egiten direla”.