Xotako neskak ikusgarri ari dira Emakumezkoen Senior Kopan. Kopa ligaxka formatuan jokatzen ari da, bost jardunalditako formatuan, eta orain arte jokatutako hiru partidatan gailendu dira irurtzundarrak. Hirugarren jardunaldian Iruntxikiri 0 eta 3 irabazi zion Xotak, Youssra Chafiak, Sharon Lizeht Garciak eta Iranzu Zarranzek sartutako golei esker.
Xota da liderra (9 puntu), Lacturale Orvina A taldearekin puntutara berdinduta. Geratzen diren bi jardunaldietan, beraz, erronka estua du talde irurtzundarrak. Apirilaren 22an, larunbata, hain zuzen ere Lacturale Orvina A taldea hartuko du Xotak etxean, Atakondoan, 10:00etan. Hil ala biziko lehia da, lidergoa eta hein handi batean kopa bera baitago jokoan.