Osasuna Magna Xotak Noia Portus Apostoli taldea hartu zuen apirilaren 21ean Anaitasuna pabilioian, Lehen mailako ligako 26. jardunaldian, 1.625 zaleren aurrean. Galiziarrek hiru puntuak eraman zituzten 3 eta 6 irabazi eta gero, ahazteko moduko jardunaldian.
Partida hasi baino lehen minutu bateko isilunea gorde zen Imanol eta Tatono Arregiren ama izandakoaren alde. Ongi hasi zuen partida Xotak, kontrako atean arriskua sortuz. Andres Geraghtyk Xotaren markagailua mustu zuen, zaleen zoramenerako. 12. minutuan Noiak bana berdintzea lortu zuen Juninhori jo zion erremate bati esker. 2 minutu beranduago, jokaldi nahasi batean 1 eta 2 aurreratu zen Noia, baloiak Asier jo eta ate barruan sartu zenean. Osasunaren jaurtiketek, aldiz, zurtoinean jo zuten. 15. minutuan hirugarren gola sartu zuen Noiak, eta guztia gehiago korapilatzeko, Asierrek aldendutako baloi batek Rosic jo zuen eta ate barruan bukatu zuen. Atsedenaldira 1 eta 4 galtzen ari zirela joan ziren nafarrak.
Bigarren zatian partidari buelta ematen saiatu ziren irurtzundarrak. Jokaldi ederrak sortu zituzten, baina baloia ez zen sartzen. Azkenean Fabinhok gola sartu zuen 34. minutuan, talde jokaldia bikain gauzatuz. Imanolek atezain-jokalari formatuaren alde egin zuen. Noiak bosgarrena sartu zuen baina Xotak ez zuen etsi eta Andresek 3 eta 5 ezarri zuen markagailuan. Azken minutu eroetan denetariko jokaldiak egon ziren, baina Noiak atzera ere asmatu egin zuen eta 3 eta 6 galduta, Lehen Mailako salbazioari begira 3 puntu oso garrantzitsu alferrik ihes egiten utzi zituen Xotak.
Liderra aurkari
Barçak jarraitzen du lider (60 puntu), puntu batera Mallorca Palma Futsal duela. Osasuna Magna Xota hamargarren postuan dago (28 puntu), jaitsiera postuak 5 puntura dituela. 27. jardunaldian talde irurtzundarrak Barça liderra du aurkari. Partida larunbatean jokatuko da, 16:45ean, Palaun (Esport3, LaLigaSportsTV). Barçak lidergoa du jokoan eta Xotak salbazioa. Beraz, partida zail eta gogorra izango da.