Pikuxar euskal txokoak Aixita III. Bertso Sariketa antolatu du maiatzaren 6an, larunbata, Irurtzungo kultur etxean. Kanporaketa 18:30ean hasiko da, eta epaileek emaitza eman bezain pronto buruz buruzkoa izanen da. Sarrera doakoa izanen da.
Aixita bertso sariketaren bereizgarrietako bat da bi bertsolari nafar eta gainontzeko lurraldeetatik bertsolari bana egotea, baita parekidea izatea ere. Hortaz, Aitor Etxebarriazarraga bizkaitarra, Amaia Ituriotz gipuzkoarra, Maddi Sarasua lapurtarra, Peru Abarrategi arabarra, Egoitz Gorosterrazu eta Sarai Robles nafarrak izanen dira oholtzaren gainean. Zigor Gartzia Zian arakildarra izanen da gai jartzailea.
Aurreko saridunak Eli Pagola Apezetxea eta Ane Labaka Mayoz izan ziren. Bertso sariketa "oso harrera ona" izan duela esan dute antolatzaileek eta "gogo handiz" ari dira antolaketan.