Emakumezkoen Senior Kopako hasierako taldeen fasean bosgarren jardunaldia jokatu zen. Laugarren jardunaldian Lacturale Orvinaren kontra jipoi ederra jaso eta gero, egoerari buelta eman eta Xotak garaipen ederra lortu zuen, Txantreari 2 eta 3 irabazita. Partida oso estua zen, bi taldeak arerio zuzenak zirelako, bederatzina punturekin. Beraz, asko zegoen jokoan.
Roberto Martil entrenatzaileak ongi prestatu zuen partida eta Xotakoek ezin hobe jokatu zuten, partida kontrolatuz. Lehen zatiko erdialdean Youssrak ireki zuen markagailua, 0 eta 1. Bigarren zatian ongi hasi ziren Xotakoak, eta Irantzuk 0 eta 2-koa ezarri zuen markagailuan, jaurtiketa indartsu bati esker. Aukera gehiago izan zituzten irurtzundarrek, baina partidak bere horretan jarraitu zuen. Bukaera aldera, Txantrea 1 eta 2 gerturatu zen penalti bati esker. Xotari sufritzea tokatu zitzaion, Txantreak bina berdindu zuelako partida bukatzeko 2 minuturen faltan. Baina irurtzundarrek ez zuten etsi eta bukaerako 40 segundoren faltan Yolanda Martilek eta Youssrak hasitako presio jokaldia bikain borobildu zuen Irunek, eta Xotak 2 eta 3 irabazi zuen, irurtzundarren zoramenerako.
Sailkapenean Lacturale Orvina A da liderra (12 puntu), eta Xota bigarrena, puntu berberekin eta Txantrea hirugarren (9 puntu). Beraz, Xotak hurrengo faserako sailkatzea lortu du.