Igerileku sasoia prestatzen hasiak

Guaixe 2023ko mai. 9a, 11:06

Irurtzungo igerilekuan ur parkea. ARTXIBOA

Itxesia igerilekuko denboraldia garagartzaroaren 17an, 11:00etan, hasiko da. Bonuak eskuratzeko aukera dago. Familia bonua joan zen urtean zutenek ez dute eskaerarik egin behar, baina eskaera berrietarako epea hilaren 26an despedituko da.

Irurtzungo Udalak jakinarazi duenez, igerilekuko bazkide diren herritarrei haren erabileragatik dagokien kuota garagartzaroaren 2an kobratuko die ordainketak helbideratuta dauzkatenei. Ordainketak helbideratu gabe dituzten igerilekuko bazkideek etxean jasoko dute ordaintzeko abisua eta herriko edozein banku edo kutxatan ordaindu edo udaletxean txartelarekin pagatzeko aukera izanen dute. Betiere, ordainagiria ordainketa bakarrean pagatu beharko dute. 

Igerilekua erabiltzeko hiru kuota daude aukeran. Sasoi guztikoarekin 5 urte arteko umeek ez dute ordaindu beharrik. 5 eta 14 urte artekoen kasuan, 56 euro dira. 14 eta 18 urtekoek, berriz, 67 euro. Irurtzunen eta Arakilen erroldatutako 18 eta 65 urte artekoek, aldiz, sasoiko txartelagatik 89 euro ordaindu behar dituzte. 65 urtetik gorako arakildar eta irurtzundarrek (erroldatuak) doako sarrera izanen dute eta bi udalerri horietakoak izan ez eta igerilekua erabili nahi dutenek 35 euroko kuota pagatu beharko dute. 

Eguneko sarrerei dagokienez, 5 urte artekoek dohainik dute; 5 eta 14 urte artekoek 4,5 euroko sarrera ordaindu beharko dute, zazpikoa dena 14 eta 65 urtekoen kasuan. Azkenik, 65 urtetik gorakoek dohainik dute, baldin eta Arakilen edo Irurtzunen erroldatuak badaude, bestela, 3 euro ordaindu beharko dituzte kirol azpiegiturara sartzerakoan. Azkenik, 15 eguneko txartelak ere eskaini ditu Irurtzungo Udalak. Haiengatik 30 euro ordaindu behar dituzte 5 eta 14 urte artekoek eta 50 euro 14 eta 65 urte artekoek. 65 urtetik gorakoek aipatu bi udalerritan erroldatuta badaude, sarrera doan dute, haietan erroldatuta ez daudenak, berriz, 20 euro. 

Familiak
Udalak azaldu duenez, familiendako ere badira bonuak. Joan zen urtean halakoa zutenek ez dute eskatu beharko. Baina eskatzaile berriek familia txartela eskuratzeko baldintza batzuk bete beharko dituzte. Batetik, familiako bi ezkontideak edo izatezko bikoteko bi kideak udal igerilekuko bazkideak izatea. Guraso bakarreko familien kasuan guraso bakartasuna egiaztatu beharko dute Familia Liburua edo seme-alaben zaintza nork duen azaltzen duen dokumenturen batekin. 

Familia bonua 18 urtetik beherako seme-alabei aplikatuko zaie. Bakarra bada, ordaindu beharrekoa 40 euro izanen dira; bi badira, 35na euro ordaindu beharko dira txartelagatik. Eta, azkenik, adingabeko hiru seme-alaba edo gehiagoren kasuan, bakoitzagatik 30 euro ordaindu beharko dira. Joan zen urtean familia bonuak eskatu ez zituztenek eskaera egiteko epea hilaren 26ra arte dute. 

Azkenik, Irurtzunen erroldatutako langabetuek %50eko deskontua izanen dute banakako bazkide tarifan. Langabezia egoera ziurtarazteko, Nafar Lansareren txartela aurkeztu beharko da. Lana opatuz gero, udalari berehala jakinarazi beharko zaio, udalak behar den tarifa aplikatzeko. Familia bonu eta langabezian egoteagatik pertsonaren batek bi deskontuak eskuratzeko aukera badu, bietako bat aukeratu beharko du. Langabetuen bonua garagartzaroaren 15ean kobratuko du udalak. Eskabide orria www.irurtzun.eus webgunean eskuratu daiteke.