Mendia

Sakanako Ibilaldian 4.500 euro bildu ziren SOS Himalaya fundaziorako

Maider Betelu Ganboa 2023ko mai. 5a, 12:00
Mendizaleak Sakanako Ibilaldian, Aralarren gora.

Iñaki Ochoa de Olza SOS Himalaya Fundazioa Makaluko Seduwan jasotzen ari den ospitalera bideratuko dira

Irurtzungo Iratxo elkarteak antolatuta, apirilaren 29an izan zen 32. Sakanako Ibilaldia-III. Ochoa de Olza Memoriala, arrakasta handiz. Iratxok egunaren balorazio oso ona egin du, “ez zelako istripurik ez arazorik egon eta guztia primeran atera zelako” Iratxoko mendi ataleko Manolo Morenoren esanetan. 

Halaber, Sakanako Ibilaldiak 4.500 euro jaso ditu Iñaki Ochoa de Olza SOS Himalaya Fundaziorako. Izena emate bakoitzagatik 2 euro bideratu dira fundaziora, eta 1.355 mendizalek izena eman zutenez, 4.500 euroko dohaintza egingo dio Iratxok SOS Himalayari. 

Sakanako Ibilaldiaren aurkezpenean SOS Himalaya fundazioko Elena Sagaseta de Ilurdozek azaldu zuen moduan, jasotakoa SOS Himalaya fundazioa Makalu bailarako Seduwa herrian jasotzen ari den ospitalea bulkatzeko bideratuko da. “20.000 biztanle dira eta ospitale gertuena egun batera dute, oinez. Beraz, ospitale berria beharrezkoa dute" azaldu zuen. 

Iratxo elkarteak eskerrik beroenak helarazi nahi dizkie Sakanako Ibilaldia aurrera egiteko “ezinbesteko laguntza” eskaini duten babesleei eta boluntarioei. “Inoiz baino gehiago gerturatu zaizkigu, eta jende gazte asko. Oso pozik gaude”. Baita Eneko Morani ere, eguneko argazki bikainak egiteagatik, Iratxo Elkartearen webgunean ikusgai daudenak.