Amaia Iturriotzek irabazi du Aixita Bertso Sariketa

Guaixe 2023ko mai. 8a, 09:53
Amaia Iturriotzek irabazi du Aixita III. Bertso Sariketa. UTZITAKOA

Maiatzaren 6an, larunbata, jokatu zen Pikuxar euskal txokoan antolatutako bertso sariketaren hirugarren edizioa, Irurtzungo kultur etxean. Sei bertsolarik parte hartu zuten eta buruz burukora Amaia Iturriotz eta Sarai Robles pasatu ziren.

Pikuxar euskal txokoak antolatutako Aixita Bertso Sariketaren hirugarren edizioa jokatu zen maiatzaren 6an, larunbatean, Irurtzungo kultur etxean. Aitor Etxebarriazarraga, Amaia Iturriotz, Maddi Sarasua, Peru Abarrategi, Egoitz Gorosterrazu eta Sari Robles bertsolariak aritu ziren Zigor Gartzia Zian gai jartzaileari erantzunez. Amaia Iturriotzek jarri zuen Aixitaren hirugarren txapela.


Iker Uribek egindako Aixita III. Bertso Sariketan parte hartu duten bertsolarien karikaturak. UTZITAKOA

Ofizio "ederrak" entzun ziren eta umorea ez zela falta esan dute antolakuntzatik. Kanporaketa jokatu ondoren, buruz burukora Amaia Iturriotz eta Sara Robles pasatu ziren. Ganbarako lanean "Abiatu zara eta ez dakizu nora" gaiari hiruna bertso kantatu zizkioten eta txapela Iturriotzek eraman zuen. Saria azken zortzi urteetan herriko alkate izan den Aitor Larraza Karrerak eman zion.