Areto futbola

Salbazioa itxi gabe

Guaixe 2023ko mai. 8a, 11:00

2.200 zale bildu ziren Anaitasunan Osasuna Magna Xotaren eta Jaen Paraiso Interiorren arteko partidaz gozatzera. XOTA

Osasuna Magna Xotak ez zuen Jaen Paraiso Interiorren kontra punturik bildu

Osasuna Magna Xotak Jaen Paraiso Interior hartu zuen ostiralean Anaitasunan. Irabaziz gero, Lehen Mailari eustea lortuko zuen talde nafarrak, baina talde berdeak 4 eta 5 galdu zuen etxean, eta oraindik salbazioagatik borrokan jarraitu beharko du. 

Azkenaldian gertatzen zaion moduan, Xotak oso garesti ordaindu zituen egindako akatsak. Ia konturatu gabe, eta defentsa akatsak tartean, 0 eta 2 aurreratu zen Jaen. Atsedenaldia baino lehen Andres Geraghtyk sartutako golari esker 1 eta 2 hurbildu zen Xota, eta bigarren zatian askoz ere hobe aritu ziren irurtzundarrak. Jokaldiak sortu zituzten, baina ez zituzten gauzatu, eta Jaen 1 eta 4 aurreratu zen. Osasuna Magnak abiadura azkartu zuen eta Jonathan Linharesi eta Andres Geraghtyri esker 3 eta 5 gerturatu zen Xota. Finalerako lau minuturen faltan Linharesen golari esker 4 eta 5 hurbildu ziren berdeak, baina gainontzeko aukerak alferrik galdu zituzten eta 4 eta 5 galduta, punturik gabe geratu zen Osasuna Magna Xota. 

Barçak eusten dio Lehen Mailako lidergoari (63 puntu), Dani Saldiseren Mallorca puntu batera duela (62 puntu). Osasuna Magna Xota hamabigarren da (28 puntu), jaitsiera postuak hiru puntura dituela. Salbazioa lortzeko, talde berdeak 29. jardunaldian puntuatu beharra du. Hain zuzen ere liga jokoan duen Mallorca Palma Futsalen kontra ariko da Xota, oso zaila aurreikusten den partidan.