Berria Pilota Txapelketan goi mailako jardunaldia jokatu zen maiatzaren lehen asteburuan. Irurtzun klubak eta Lazkaoko LAPKE-k final laurdenetarako sailkatzea izan zuten jokoan Hernanin jokatutako norgehiagokan. Goi mailako klubak dira biak, Irurtzun txapelduna izan da, baina LAPKE-k ere sekulako taldea du, torneoaren aurkezpenean argi utzi zuten moduan.
Kadeteen mailako partidan, Izagirrek eta Iturbek (LAPKE) 22 eta 9 hartu zituzten mendean Salaberria anaiak (Irurtzun). Partidako lehen zatian borroka estua izan zuten bi klubek, 8 eta 6kora arte, baina hortik aurrera Salaberria atzelariari eskua mindu zitzaion, LAPKE-koek atzelaria estutu zuten eta garaipeneraino joan ziren.
Gazte mailako neurketan ere antzekoa gertatu zen. Hasieran parez pare ibili ziren Zubizarreta eta Goiburu (LAPKE) eta Salaberria eta Salcedo (Irurtzun). Zazpinakora arte, lehia bizia izan zuten, baina hortik aurrera gipuzkoarrak zuzenean joan ziren 22ra eta 22 eta 7 gailendu ziren. Zubizarreta izan zen partidako jokalaririk onena.
Kadeteen eta gazteen mailako partidak irabazita LAPKE-k final laurdenetarako sailkatzea lortu zuen, baina horregatik nagusien mailako partidak ez zuen ikusgarritasunik galdu. Are gehiago, partidarik onena izan zen, eta kasu honetan, Irurtzungo bikoteak, Aingeru De la Fuentek eta Iosu Bergerak irabazitakoa. Sakandarrek LAPKE-ko Senar eta Garmendia 22 eta 14 mendean hartu baitzituzten, partida ikusgarrian. Tamalez, Irurtzun txapelketatik kanpo geratu da.