Igerilekuko mantentze lanetarako lanpostua bete nahi du udalak

Guaixe 2023ko mai. 12a, 11:16

Irurtzungo igerilekuan ur parkea. ARTXIBOA

Interesa duenak eskabideak hilaren 19ko 14:00ak arte aurkez ditzake.

Irurtzungo Udalak jakinarazi du garagartzaroaren 17an zabalduko dela igerileku sasoia. Kirol azpiegitura behar bezala egon dadin mantentze lanez arduratuko du langilea kontratatu nahi du udalak. Bere egitekoen artean daude azpiegituren garbiketa, kontrola, zainketa eta arreta publikoa. Lanaldiari dagokionez, hiru egunez jarraian lan eginen du eta laugarrenean jai izanen du. Hiru lan txanda izanen ditu: goizez (08:00etatik 15:00etara), arratsaldez (15:00etatik 22:00etara) eta zatitua (11:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:30era). Lanean garagartzaroaren 5ean hasi eta irailaren 10ean bukatuko du. Hilabeteko soldata 1.714 eurokoa da. 

Lanposturako ezinbesteko baldintza da euskarazko B2 maila izatea. Interesa duenak honako agiriak aurkeztu beharko ditu: eskabidea beteta (www.irurtzun.eus webgunean dago), nortasun agiriaren fotokopia eta hizkuntza eskakizuna egiaztatzen duen titulu ofiziala.