Areto futbola

Osasuna Magna vs Palma Futsal, asko dago jokoan

Guaixe 2023ko mai. 12a, 10:18

Imanol Arregi mimo handiz ari da prestatzen Palma Futsalen kontrako partida. XOTA

Osasuna Magna Xotak salbazioko puntuak lortzea du jokoan, eta Dani Saldise irurtzundarrak jokatzen duen Palma Futsalek Lehen Mailako lidergoa lortzea

Lehen Mailako Areto Futboleko ligako 29. jardunaldia dago jokoan, azken aurrekoa. Osasuna Magna Xotak maiatzaren 13an, larunbata, arerio oso gogorra du: Mallorca Palma Futsal (LaLigaSportsTV, IB3, 18:30ean). 

Bi taldeak txanponaren bi aldeetan daude. Mallorca Palma Futsal une oso gozoan dago. Bertako jokalaria da Dani Saldise Osasuna Magna Xotako jokalari ohia. Aurreko denboraldian Inter Movistarren jokatu ondoren, 2022/2023rako Palma Futsalekin sinatu zuen irurtzundarrak. Eta bete betean asmatu zuen, denboraldi bikaina egin baitu Mallorcako taldeak. Maiatzaren 7an Europako Championsa irabazi zuen, eta Lehen Mailako liga despeditzeko gelditzen diren bi jardunaldietan lidergoa du jokoan Barça taldearekin. Egun, Barça da liderra (63 puntu), eta Palma Futsal bigarren (62 puntu). 

Osasuna Magna Xota, ordea, txanponaren beste aldean dago. Sailkapenean hamabigarren postuan dago talde irurtzundarra (28 puntu), jaitsiera postuak 3 puntutara dituela. Beraz, salbazioa lortzeko eta Lehen mailari eusteko azken bi jardunaldietan puntuatu beharra du. 

Hitzordurako prest
Mallorcako partida mimo handiz prestatzen ari da Imanol Arregi entrenatzailea. Denboraldiko azken irteera da, eta nahiz eta Palma Futsalen kontrako partida "oso zaila" izango dela jakitun, guztia eman nahi dute berdeek. Imanolek jokalari guztiak izango ditu eskura, lesionatuta dagoen Roberto Martil kapitaina eta Jaenen kontrako partidatik zuntz-haustura duen Carlos Vento izan ezik.