Txirrindularitza

1.400 txirrindulari La Pelusori aurre egiteko prest

Maider Betelu Ganboa 2023ko mai. 12a, 12:30

Guztia prest dago maiatzaren 13an, 8:30ean, La Peluso martxari hasiera emateko.1984ko Reynolds taldeko txirrindulariak eta Mikel Nieve omenduko dira eta Juan Carlos Unzuek ANELA Fundazioaren aldeko diru laguntza jasoko du

Irurtzun Taldea Kirol Elkarteko Santi Moreno Moreno La Peluso martxa zikloturistari azken ukituak ematen dago. "Aurreikusi daitekeen guztia lotu dugu, eguraldia izan ezik. Larunbaterako eguraldi kaxkarra iragartzen dute, baina 15:00ak edo 16:00ak arte ateri eusten badio, eguna aurrera aterako dugu" azaldu du irurtzundarrak. 

1.400 txirrindulari inguruk eman dute izena III. La Peluson, "bi herenak martxa luzean, eta heren batek motzean. Kontentu gaude izena emate kopurua mantendu delako, are gehiago egun berean Donostia-Baiona martxa zikloturista antolatzen dela kontuan izanda". Proba luzea (138 km) gogorra eta gorabeheratsua da: zortzi portu dira –Goñi, Ultzurrun, Madotz-Zuarrarrate, Uitzi, Usategieta, Saldias, Berueta eta Madotz-Zuarrarrate, azkenekoz–, eta Goñi, Irurtzun, Lekunberri, Uitzi, Leitza, Orokieta, Lekunberri eta Irurtzun biltzen ditu. "Egia esan, ikusgarria da". Ibilbide motzak 89,7 km ditu eta lau portu: Goñi, Ulzurrun, Madotz-Zuarrarrate eta Zia. 

La Peluso martxa zikloturista abiatu baino lehen "oso giro polita egoten da Irurtzungo plazan. Zinta mozteko une hori polita izaten da, txirrindulari ohi eta pertsona ezagunak ere biltzen direlako. Gainera, handik ordu eta erdira La Peluso atzera ere Irurtzundik pasako da, Goñitik bueltan, eta Irurtzun toki ona da martxa jarraitzeko. Baita ibilbideko edozein txoko ere". 

Omenduak
Aurten 1984 urteko Reynolds taldeko txirrindulariak omenduko ditu La Pelusok. "Angel Arroyo, Enrique Aja, Iñaki Gaston, Guillermo Arenas eta Julian Gorospe hurbilduko zaizkigu". Halaber, erretiroa hartu duen Mikel Nieve txirrindulariak ere aitortza jasoko du. Bestalde, La Pelusok fundazio edo elkarte bat laguntzen du urtero, diru ematearen zati bat bertara baitoa. Aurten ANELA Fundazioarendako izango da, eta Juan Carlos Unzue Irurtzunera hurbilduko da kopuruaren txekea jasotzea. "Eguerdi aldera hurbiltzeko asmoa duela esan digu". 

Horniduran aldaketa dago. "Oderitzen jarriko dugu elikagai hornidura nagusia. Lehen Irurtzunen genuen, baina gero Madotz igo beharra zegoen eta jan eta berehala agian gehiegi zen txirrindulariendako. Aurten Madotz igo ondoren, Oderitzen egongo da hornidura, eurendako hobe".

Erlojupekoa, bertan behera
La Pelusoko antolakuntzak maiatzaren 21erako antolatutako taldekako erlojupekoa bertan behera utzi du. "Iaz antolatu genuen lehendabizikoz eta harrera ona izan zuen. 19 taldek parte hartu zuten. Baina aurten, ez dakigu data kontua den edo zergatik, soilik 5 taldek eman dute izena. Horregatik, bertan behera uztea erabaki dugu".