Areto futbola

Osasuna Magnak azken jardunaldian jakingo du Lehen Mailari eusten dion

Guaixe 2023ko mai. 15a, 10:00
Bi taldeek partida bikaina eskaini zuten eta lider berriari talde nafarra menderatzea asko kosta zitzaion. XOTA

Palma Futsalen kontrako partidatik punturik gabe itzuli dira Imanol Arregiren mutilak, baina itxura oso ona eman dute. Palma Futsal da Lehen Mailako lider berria

Maiatzaren 13an Lehen Mailako 29. jardunaldia jokatu zen, ligako azken aurrekoa, eta partida oso erabakigarria jokatu zuen Osasuna Magna Xotak, Palma Futsal taldearen kontra. Bertako jokalaria da Dani Saldise Xotako jokalari ohia, eta alde horretatik partida berezia izan zen. Bi taldeek asko zuten jokoan: Lehen Mailako salbazioa, berdeek, eta lidergoaren borrokan jarraitzea, moreek. 

Lehen zatian oso ongi jokatu zuen Osasuna Magna Xotak. Berdeek serio jokatu zuten, Asier Llamasek geldialdi bikainak egin zituen, eta Palma Futsalek seigarren falta egin eta gero, penalti bikotzean Jhonatan Linharesek 0 eta 1 aurreratu zuen talde nafarra. Atsedenaldia baino lehen bana berdindu zuen Palma Futsalek, eta bigarren zatian 3 puntuak lortzeko lehia estuak jarraitu zuen. 

Bigarren zatian berdinketari eutsi zioten bi taldeek. Palma Futsalek bazekien Barça liderra galtzen ari zela eta eurek garaipena lortuz gero, lider jarriko zirela. Horregatik, erasoa etengabekoa izan zen. Partida bukatzeko 3 minuturen faltan, Tayebik 2 eta 1-a ezarri zuen baloiak zurtoina jo eta gero egindako aldaratze bikainean. Osasuna Magna saiatu zen, baina ezinezkoa izan zuen berdintzea. 

Lehen Mailak, beraz, azken jardunaldian lider berria du: Mallorca Palma Futsal (65 puntu). Puntu bat gutxiago du liga ia guztia lider izan den Barçak (64 puntu). Osasuna Magna Xota hamalaugarren da (28 puntu), jaitsiera postuetatik 2 puntura. Beraz, asteburuan Anaitasunan sailkapenean hamahirugarren eta arerio zuzena den Real Betis Futsal taldearen kontra jokatuko duen azken jardunaldian puntuatzera behartuta dago, bi taldeak berdinduta baitaude eta jaitsiera postuak gertu dituztelako.