Aurten zeinek piztuko du festei hasiera emanen dien etxajua?

Guaixe 2023ko mai. 17a, 08:03

Iratxo elkarteko kideek piztu zuten etxajua joan den urtean. ARTXIBOA

Irurtzundarrek hilaren 29ra arteko epea dute festen hasierako suziria nork botako duen proposamenak aurkezteko.

Irurtzungo udaletxeko balkoitik garilaren 19an piztuko den etxajuak bost egun iraunen duten festei hasiera emanen diote. Aurreko urteetan bezala, etxaju hori piztuko duen pertsona edo taldea zein izan daitekeen hautatu dezakete irurtzundarrek. Herritarrek maiatzaren 29ra arte dute proposamenak egiteko. Kultura Kontseiluak jasotako proposamenak aztertu eta haien artean egokienak aukeratuko ditu, gehienez hiru eta gutxienez bi. Azken proposamen horien artean etxajua piztuko duena zein den erabakitzeko herri bozketa eginen da garagartzaroaren 16 eta 22 bitartean. Botoa udaletxean www.irurtzun.eus webguneren edo telefono mugikorrendako Irurtzun aplikazioaren bidez emateko aukera izanen da. Irurtzundarren babes gehien jasotzen duen hautagaia izanen da festei hasiera emanen diena. 

Udaletik gaztigatu dutenez, hautagaiak aurkezterakoan hainbat baldintza kontuan hartu beharko dituzte irurtzundarrek. Alde batetik, hautatzen den pertsona edo taldea Irurtzungoa izatea, edo bertako elkarteetan edota herriaren sustapenean parte hartutakoa. Bestetik, proposatutako pertsonaren edo taldearen merituak justifikatu eta aipatu beharko dira. Udalak jakinarazi duenez, talde edo pertsona bakoitzak hautagai bakarra aurkeztu ahal izanen du. Etxajua botatzeko proposamen bakarra edo bat bera ere ez balitz aurkeztuko, Kultura Kontseiluaren esku geldituko da erabakia. Azkenik, proposamenak egiteko udal web orrian dagoen formularioa bete behar dela gaztigatu du udalak, eta kultur etxean aurkeztu.