Areto futbola

Anaitasuna berdez janzteko deia

Guaixe 2023ko mai. 19a, 11:00
Xotako zaleak. ARTXIBOA, JESUS AGUIRRE

Osasuna Magna Xotak Lehen Mailako salbazioa du jokoan Betis arerio zuzenaren kontra maiatzaren 20an, 18:30ean, Anaitasunan. Zaleei "inoiz baino gehiago" animatzea eskatu die

Xotak 25 urte daramatza areto futboleko Lehen Mailan eta beste horrenbeste egon nahi du. Horretarako, baina, asteburuan jokoan dagoen ligako azken jardunaldian puntuatu beharko du. Talde irurtzundarrak Lehen mailako salbazioa du jokoan, eta kategoriari eustea, ez du besterik buruan. 

Guztia jokoan
Osasuna Magna Xota hamalaugarren da sailkapenean (28 puntu), eta jaitsiera postuetatik 2 puntura dago. Larunbatean, 18:30ean, Imanol Arregiren taldeak sailkapenean hamahirugarren eta arerio zuzena den Real Betis Futsal taldea (28 puntu) hartuko du Anaitasunan. Lehen mailari eusteko borrokan bi taldeak irabaztera edo berdintzera behartuta daude eta emozio handiko partidaren atarian daude Xotako zaleak. 

"Ligako azken jardunaldian guztia dugu jokoan. Partida erabakigarria ongi prestatu eta borrokatu, ez dago besterik" azaldu du Imanol Arregi entrenatzaileak. Taldeak izugarri botako du faltan Roberto Martil kapitaina, ebakuntzatik osatzen ari dena. Irurtzundarrak kantxatik jarraituko du partida, taldea animatuz. 

Asier Llamas atezain irurtzundarrak adierazi duenez, "Palmaren kontra partida ona egin genuen, eta horrek motibatzen gaitu. Betisen kontra asko dugu jokoan, eta gogotsu gaude. Gure zaleen aurrean irabazten badugu, Lehen Mailan jarraituko dugu. Hori nahikoa da hasieratik entxufatuta ateratzeko". 

Zaleen babesa
Egoera erabakigarria da, kritikoa, eta inoiz baino gehiago zaleen babesa eskatu du klub irurtzundarrak. "Xota gara, eta Nafarroako kasta nolakoa den erakutsiko dugu" azaldu du klubak Sare Sozialetan. Jakina, zaleei Anaitasunara gerturatzeko deia egin diete, "gure zaleak ezinbestekoak direlako". Ea guztien artean Lehen Mailan beste 25 urtez jarraitzea lortzen duten.