Osasuna Magna Xotak arnasa hartu du, sakon. Beste denboraldi batez lehen mailako taldea izango da da Xota, 26 urtez jarraian. Irurtzunen sortutako taldearendako itzela da hori, ez zaio nahikoa baliorik ematen.
Anaitasuna bete egin zen talde berdea animatzeko: 2.700 zalek babestu zuten taldea taldearen une kritikoenean. Osasuna Magnak Betis Futsal hartu zuen, bere egoera berean zegoen taldea, salbaziorako kinka larrian. Bi taldeek ez zuten gehiegi arriskatu, eta alde horretatik defentsa gailendu zen gehiago erasoa baino. Hala ere, aurreratzeko tartea izan zuen Imanol Arregiren taldeak, baina partida husnako berdinketarekin eta puntu banaketarekin despeditu zen, eta bai Osasuna Magna Xotak eta baita Betis Futsalek ere salbazioa lortu zuten eta zoramena bizi zen Anaitasunan.
Imanol, hunkituta
Imanol Arregi malkotan zegoen, hunkituta, beste jokalari asko bezala. “Denboraldi oso gogorra izan da. Guk bakarrik dakigu pasatu duguna, ez diot inori halakorik opa. Finean, jaitsiera eta klubaren beraren bizirautea zeuden jokoan. Zorionez, helburu nagusia lortu dugu, salbazioa, eta orain atseden hartu eta hausnartzeko garaia da. Pozik nago jokalariengatik, teknikariengatik, zaleengatik eta babesleengatik” aitortu zuen entrenatzaileak partida bukaeran.
“Ez dut aurtengoa bezalako denboraldi gogorrik pasa. Baina Xota gara, eta lortu dugu” azaldu zuen Asier Llamas atezain irurtzundarrak. Ion Cerviño jokalari irurtzundarra oso pozik zegoen. “Hitz egitea kosta egiten zait. Aste oso zailak bizi izan ditugu. Eskerrik handienak zaleei”.