Udalak igerilekuetako tabernaren kudeaketa eman nahi du

Guaixe 2023ko mai. 22a, 11:13
Irurtzungo igerilekuan waterpoloan jokatzen. ARTXIBOA

Interesa duenak eskaintzak maiatzaren 28ko 23:59ra arte, igande gauerdira arte, aurkez ditzake

Itxesia igerilekuko udako sasoia prestatzeko beste pauso bat eman du Irurtzungo Udalak. Oraingoan igerilekuetan dagoen taberna udan kudeatzeko deialdia egin du. Udalak jakinarazi duenez, eskaera pertsona batek egin badezake ere, tabernaren esleipena gutxienez bi pertsona fisikok aldi baterako sortutako elkarte baten alde edo pertsona juridiko baten alde eginen duela. 

Ardura hartzen dutenek garagartzaroaren 2tik irailaren 17ra arteko kontratua izanen dute. Aurreneko egunean establezimendua eta terraza garbitzen eta egokitzen hasi beharko dute, zerbitzua emateko prestatzeko. Taberna zabalik egonen da garagartzaroaren 10etik irailaren 10era arte, baimendutako orduetan. Azkenik, irailaren 10etik 17ra taberna eta osorik jaso eta garbitu beharko dituzte. Deialdiari buruzko informazio guztia www.irurtzun.eus web orrian dago.