Areto futbola

Xotak ezin izan du Kopako finalerako sailkatu

Guaixe 2023ko mai. 23a, 11:00

Roberto Martil pozik dago, taldeak ongi jokatu zuelako. XOTA

Orvinaren kontra erori zen, baina baja garrantzitsuekin eta Orvina estutuz

Emakumezkoen Lehen senior mailako Xotak denboraldia bukatu du, eta goitik, Kopako finalera sailkatzear egon direlako. Finalerdietan Orvina izan zuten aurkari, ligako talde izarra, eta nahiz eta Xotakoak erori, 5 eta 1, Roberto Martilek eta Montxuk entrenatzen dituzten neskak itxura ezin hobea eman zuten. “Lehen zatian ederki estutu ditugu, ongi eutsi dugu, bana berdindu dugulako. Tamalez, atsedenaldia baino lehen 2 eta 1 aurreratu ziren Orvinakoak, eta bigarren zatia hasi eta berehala, hirugarrena sartu dute, eta minutu baten ondoren laugarrena iritsi da. Partida hankaz gora jarri zaigu, eta azkenean 5 eta 1 galdu dugu” azaldu du Martilek. 

Hala ere, pozik dago entrenatzailea. “Baja oso garrantzitsuak izan ditugu eta kadete mailatik igotako hiru jokalarik jokatu dute gurekin. Eta oso ongi, gainera. Horrek pozten nau bereziki, harrobia indartsu datorrela ikusteak. 2015Ean emakumezkoen lehen taldea sortu zen Xotan, eta gaur egun lau talde ditugu, etorkizun handikoak” nabarmendu du. 

Xotako kadeteak, Kopako txapeldunak
Xotako kadeteen mailako taldeak Nafarroako Emakumeen Areto Futboleko Kopa irabazi du. Kopa hamar jardunaldietan jokatu da, eta erregularrenak izan dira Xotakoak (24 puntu), 10 partidetatik 8 irabazita.