UPNk Irurtzunekin dituen konpromisoak aurkeztu ditu

Guaixe 2023ko mai. 24a, 09:52

Irurtzungo erregionalisten hautagaitzako kideak. UPN

Erregionalistek “udalean parte hartu duten bitartean jasotako eskarmentua” eskaini dute, eta “irurtzundarren mesederako kudeaketa lan eraginkorra egiteko konpromisoa” hartu dute.

Luis Enrique de la Calle Moreno da UPNren alkategaia eta jakinarazi duenez, bere hautagaitzak hainbat konpromiso hartu ditu Irurtzungo Udalera eramateko. Horien artean daude: “gazteen alde lan egitea, lan eremurako sarbidea izan dezaten”. Eta, horrekin batera, “gure bizilagunak hizkuntza diskriminaziorik gabe enplegu publikora libreki iristearen alde”. Aniztasunarekiko errespetuaren alde egin dute erregionalista irurtzundarrek, “gure ohiturak aldatzen dituzten inposiziorik gabe”. Horiekin batera, “guztiok etxebizitza bat eskuratzeko aukera izan dezagun lan eginen” dute. 

Bestetik, UPNko hautagaitzak “guztiondako aukerak sortzeko konpromisoa” hartu du, “iritzi politikoei begiratu gabe”. Ziurtatu dutenez, “udalaren baliabideak seriotasunez eta modurik eraginkorrenean” erabiliko dituzte, “guztion onerako”. Gainera, enpleguaren eta gure saltokien defentsarako konpromisoa hartu dute. Horregatik, “Irurtzunen eta eremuaren berrindustrializazioaren alde” egin nahi dute, “zorroztasunez eta inolako aukerarik baztertu gabe lan eginez”. UPNk nahi du “Irurtzungo hazkundearen kudeaketa zaintzea, gure inguruneko aukera guztiak baloratuz”. Horrekin batera, “instalazio moderno eta irisgarriak dituen” herriaren alde egin dute. Jakinarazi dute Irurtzunen zentro soziokultural bat eraikitzeko lan eginen dutela. 

Hautagaitzaz
UPNtik adierazi dutenez, “hautagaitzako giza taldea pertsona serioak eta konprometituak gara, helburu bakar batekin elkartuta, gure herria leku oparo, orainarekin eta etorkizunarekin bihurtzeko”. Gaineratu dutenez, “erantzukizunak hartzen ohituta dauden pertsonak, ilusioa eta itxaropena duten pertsonak, gure Udala kudeatzeko beste modu bat dagoela erabakita eta sinetsita daudenak”. Haiena  “kudeaketa arduratsua eta profesionala” izanen da, “gure bizilagunen beharrak eta kezkak asetzera bideratua”.

Azaldu dutenez, “gure uste sendoetan tinko, etorkizun komun baten alde borroka egiteko prest, harmonian eta bizikidetzan, garapenarekin eta oparotasunarekin. Baina ekintzekin bat ez datozen hitzek ez dute ezertarako balio, horregatik eskatzen dizugu babesa”. Irurtzundarrei botoa eskatzearekin batera, “herriarendako etorkizun baten alde lan egiteko konpromisoa hartu dute”.