Areto futbola

Imanol Arregi: "Airea behar dut, arnasa hartu"

Guaixe 2023ko mai. 23a, 13:00
Imanol Arregi, Betisen kontrako partidan. XOTA

Entrenatzaile irurtzundarrak Xota utziko duela azaldu du: "Hilabete oso gogorrak izan dira. Bizitza utzi dut, eta joateko garaia iritsi zait".

Imanol Arregi Sarasak han eta hemen entzuten zena konfirmatu du: Xota taldea utziko du. Bere anaia eta Xotako presidente Tatono Arregi izan du alboan. “Azken hilabeteak oso gogorrak izan dira. Airea behar dut, arnasa hartu beharra dut. Erabakia duela hilabete batzuk hartu nuen, eta soilik atzera egingo nuke taldea mailaz jaitsiko balitz. Hori oso argi nuen, mailaz jaitsiz gero, Xotan jarraituko nuela. Baina Lehen mailan jarraituko dugunez, banoa. Hilabete oso gogorrak izan dira” berretsi du teknikari irurtzundarrak. 

Hunkituta eta eskertuta
Imanolek argi utzi du erabakia “guztiz pertsonala” dela. Nekea atzematen zitzaion. “Atseden hartu beharra dut. Erabaki hau beti luzatzen ibili naiz, kluba nire aurretik jarri dudalako. Izan ere, ni naizena Xotari esker da. Bizitza eman dut klub honengatik. Ni horrelakoa naiz. Ni beti izango naiz berdea, hil arte, eta datorren denboraldian harmailetan izango nauzue taldea animatzen, hooligan baten antzera”. Hunkituta dagoela gaineratu du. “Emozio ezberdinak sentitzen ditut aldi berean: triste nago, hunkituta eta gainezka, horregatik taldea uzteko unea heldu da”.

Imanolek esker oneko hitzak izan ditu. “Eskerrik beroenak eman nahi dizkiet jokalariei, juntari, familiari, lagunei... eskaini didaten babes guztiarengatik”. Zaleak ere ez zituen ahaztu. “Zale bereziak ditugu, une onenetan eta baita okerrenetan ere gurekin dagoena”. 

Epe luzera ziurrenik entrenatzera itzuliko dela aitortu dut. “Ez dakit non eta noiz. Baina, azkenean, ongi egiten dakidan gauza bakarra da”. 

Erabakiaren berri izaterakoan jokalariak zur eta lur geratu zirela azaldu du Imanolek. “Astelehenean esan nien. Sekulako ixiltasuna egin zen, luzatzen den horietakoa”.

Azkenik, Xota goraipatu du. “Hau nire etxea da, nire kluba. Ez dut inoiz ahaztuko. Garrantzitsuena beti Xota izango da. Aupa Xota!”.

Klubak lan handia du aurretik
Tatono Arregik lan zaila du, plantillaz gain, entrenatzailea lotu beharko duelako. “Denetariko erabakiak hartu beharko ditugu klubean. Imanolek ez dio klubari ezer zor, guztiz kontrakoa. Eta hau ez da agur bat, gero arte bat baizik. Urte asko dira. Orain laguntza behar dugu, erabakiak hartu. Indartsuagoak izateko arma gehiago behar ditugu. Ildo honetan ere babesleak eskertu nahi ditugu, bestela hau guztia ezinezkoa litzateke” nabarmendu du presidenteak.