Xota beste urte batez Lehen Mailako taldea izango da. Larunbatean jokatutako ligako azken jardunaldian Betis Futsal taldearekin bana berdindu eta gero, Lehen Mailako sailkapenean hamabosgarren izan da Imanol Arregik zuzendu duen taldea. 2023/2024 denboraldian Lehen Mailan bere 26. denboraldiari ekingo dio, nobedade askorekin, garrantzitsuena Imanol Arregik ez duela taldea zuzenduko. Gauzak ongi, Roberto Martilen lesio larriak onera egingo du eta kapitaina itsasontzi berdera itzuliko da.
Denboraldi gogorra izan da aurtengoa. Azkeneko jardunaldira arte bihotza estututa, Lehen Mailari eutsiko zenioten ala ez.
Gogorra izan da, eta luzea. Momentu onak izan ditugu, momentu txarrak... denetatik. Gaizki hasi ginen; lehenengo itzulia bukatuta, abenduan azkenak ginen. Bigarren bueltan ongi hasi ginen, baina azkeneko partidetan ongi jokatzen genuen baina ez genuen puntuatzen. Azkeneko jardunaldian erabaki zen dena, eta banakako berdinketarekin lortu genuen. Oso pozik nago. Urtea libratu dugu.
Betis ere zuen egoera berdinean zegoen, eta berdinketarekin bi taldeek lortu zenuten salbazioa. Poztasun bikoitza Anaitasunan.
Bai, berezia izan zen. Betis ere mantendu da, eta bi taldeak Lehen mailan egongo gara berriro.
Urte berezia izan da. Batetik, Xotan zure 17. denboraldia ospatu zenuen, eta 500 partida, eta, bestetik zoritxarra, Levanteren kontra lesio larria izan zenuelako. Hiru lesio dituzu ezker belaunean: aurreko lotailu gurutzatuaren haustura, barruko lotailuaren haustura eta kanpoko meniskoaren haustura.
Nola diren gauzak. 500 partida egin nituen, eta festa polita egin genuen ospatzeko. Eta hain justu 501. partida jokatzen ari nintzela lesionatu nintzen. Eta nolako lesioa! Behin lesionatzen hasi, eta lesio hirukoitza. Egia esan, nahiko gaizki pasatu dut. Ez nik bakarrik, familia guztiak baizik, gogorra izan delako. Bi alaba txiki ditut, hiru urtekoa eta urte batekoa, ni muletekin, ezer egiteko gai, eta dena pilatzen da. Zorionez, familia ederra dugu bikoteak eta biok, eta izugarri laguntzen gaituzte. Taldeak horrenbeste zuen jokoan, eta partida hauetan ezin jokatzea, esperientzia eder hau ez bizitzea gogorra izan da. Partida bereziak dira, presio handia dagoelako eta zailak direlako, baina aldi berean politak dira jokatzeko, bizipen ederrak. Baina hau tokatu da, eta nolabait pasatzen ari gara.
Ebakuntza egin zizuten eta orain errehabilitazioan zaude. Zer diote medikuek? Noiz osatuko zara?
Belaunaren martxak zehaztuko du. Halako lesioak osatzeko ebakuntzatik zazpi hilabete behar izaten dira. Apirilaren 5ean egin zidaten ebakuntza. Baina osatzea ez doa aurreikusten genuen bezala, mantsoago doa. Agian berriz ebakuntza gelatik pasa beharko dut, belauna zurrun dagoelako, gogortuta bezala, ez du jokoa ongi egiten. Atxikidura hori kendu nahi dute. Medikuek esaten didate lasai egoteko, hobetzen joango dela. Orain taldekideek oporrak hartu dituzte, eta ni oporrik gabe geratuko naiz errehabilitazioan lanean (kar, kar). Azaroa inguruan bueltatzea espero dut. Ea posiblea den.
"500 partida jokatu nituela ospatuta, 501. partidan lesionatu nintzen. Eta nolako lesioa"
Errehabilitazio saioak gogorrak al dira?
Bai. Egunean ez dut oinazerik sentitzen, baina sesioetan bai, belauna mugitzen didatelako. Une eta egun txarrak daude. Zaila da, baina pasatuko da, hau ez da betirako. Dena den, egun hobeak gehiago dira txarrak baino.
Zure rola animatzailearena izan da azken txanpa honetan.
Entrenamenduetara eta partidetara joan naiz. Partidetan harmailetan goian hasi nintzen jartzen, oso urduri jartzen naizelako, baina azken bi partidetan taldearen aulkitik gertu jarri nintzen, nire burua lasaituta, taldekideei aholkuak emateko. Uste dut lagundu diedala, eta horrek poztu nau. Nik ere partidak beste modu batez ikusten ikasi dut, eta partidetan beste modu batean egoten, lasaiago.
Osasuna Magna Xotak duen aurrekontu xumea kontuan izanda, Lehen mailan egotea berez harrigarria da. Zer beharko luke taldeak Lehen mailan lasaiago ibiltzeko? Taldeak ongi jokatzen du, baina gehienetan punteria falta da arazoa, kontrako atean asmatzea.
Hala da. Gauza asko behar ditugu, tartean esperientzia gehiago duen jendea. Gurea talde oso polita da, gaztea, baina esperientzia gehiago duen jendea ere behar dugu. Horretarako aurrekontu gehiago behar da, laguntza ekonomiko gehiago, eta hori lortzea zaila da momentu hauetan. Dena den, nik konfiantza handia dut talde honetan, gazteak direlako baina urtero pixka bat helduagoak. Hiru urte elkarrekin daramagun bloke hau sendotu beharra dugu. Pentsatzen dut bizpahiru moldaketarekin maila altuagoa izango genukeela, hobeto moldatu ahalko genukeela. Baina zaila da lortzea. Urtero, denboraldi hasieran kinieletan jartzen digute, aurten mailaz jaitsiko garela esateko.Twitterren abuztuan irakurri nuen "aurten Xota jaitsiko da eta beste bat. Xota eta beste bat". Nik hori iltzatuta dut. Bada, hemen gaude berriro, eta beste urte bat egongo gara gerra ematen.
Ospakizunen bat egin al duzue?
Astelehenean Bi Sisters babesle irurtzundarren hanburgesategian ospatu genuen. Eta taldekideek oporrak hartuko dituzte, datorren denboraldia oso goiz hasten delako. Irurtzungo festen ondoren hasiko dira entrenamenduak.
Hurrengo denboraldirako baikor al zara?
Bai, ilusioz nago. Orain ikusi behar dugu zein jokalari gelditzen diren eta zer aldaketa egiten den, Imanol entrenatzailearen aldaketatik hasita. Juntak badu lan nahikoa.
IMANOLEN AGURRA
Nola hartu duzu Imanolek taldea uzteko hartutako erabakia, 22 urtez Xota entrenatzen aritu ondoren?
Sorpresa pixka batekin, baina ez horrenbestekoa, egia esan, Imanolek bizpahiru urte daramalako zenbait aipamen egiten. Penaz hartu dut, Imanol oso garrantzitsua delako taldearendako, jokalariendako eta klub guztiarendako. Berak igo gaitu Lehen Mailako taldera, bera izan da gure mentorea. Oso eskertuta nago berarekin. Niri aukera asko eman dizkit, bata bestearen atzetik, eta beti konfiantza izan du nigan. 14-15 urterekin talde nagusira igo ninduen entrenatzera, eta aita bat bezala izan da niretako. Pena handia dut baina argi dago atsedena behar duela, eta merezi duela.
Karga handia zuen.
Jakina, Imanol ez delako entrenatzaile normal bat, besteak bezalakoa. Berezia da, berarendako Xota ez delako talde bat, bere taldea baizik. Txikitatik egon da Xotan, hasieran jokalari eta gero entrenatzaile, eta berarendako bizitzeko modu bat da Xota. Galtzen badugu oso gaizki pasatzen du. Berak esana da agian beste talde batean balego galduz gero ez lukeela horren gaizki pasatuko. Eta guk azken hiru urteetan oso gaizki pasatu dugu. Gainera, Xotan lan handia du: entrenatzailea izateaz gain, kirol zuzendaria da, coachinga... dena egiten du. Atsedena merezi du.
"Xota jaitsiko zela esaten zuten askok Twitterren. Bada, hemen gaude berriro, beste urte bat gerra ematen"
Ez du gehiegi iraungo ezer egin gabe.
Entrenatzaileek beste hainbat gauza egiten dituzte gaur egun, clinic-ak, esaterako. Badakit udan clinic saio batzuk egin behar dituela Martorelen, Kanariar Irletan... Bestalde, Costa Ricako selekziotik ere zenbait gauza egitea eskatu diote. Lanak egingo ditu, baina momentuz talde bat zuzentzeko presiorik gabe. Eta gero ikusiko da. Bitartean gehiago disfrutatuko du familiaz, bikoteaz eta Hegoi bere seme txikiaz.
Beste etapa bat biziko du Xotak.
Hala da. Imanolek dioen bezala, hemen ez dago ezinbestekoa den inor. Aurrera egingo dugu.
Anaitasunara joango omen da, hooligan moduan taldea animatzera. Agian gehiago estutuko zaituzte horrela.
(Kar, kar). Harmailetatik "pasa baloia" eta halakoak ez ditzala oihukatu eskatu diot.
DANI SALDISE
Dani Saldise irurtzundarra, Xotako taldekide ohiak nolako denboraldia egin duen Palma Futsalekin: Europako Txapeldunak izan dira eta ligako liderrak.
Izugarria da. Dani Saldisek egin duena ez dugu nahikoa baloratzen. Europako Champions Kopa irabaztea sekulakoa da, horrenbeste talde bikainen aurrean: Sporting Lisboa, Benfica, Barça... Dani oso pozik dago. Inter Movistarren zenbait titulu irabazi zituen, eta Palma Futsalekin aipatutakoak. Palma gutxika asko indartu da eta orain oso talde ona da. Ligako lider izateak balio handia du, liga luzea delako. Orain titulua lortzeko play-offak jokatuko dituzte.
Ez al da pixka bat bidegabea ligako liderrak liga ez irabaztea eta titulua play-offetan erabaki behar izatea?
Sarritan gertatzen da liderrak ligako titulua ez irabaztea. Gu ohituta gaude, txapelketa horrela delako, play-offetan erabakitzen baita, saskibaloian eta bestelako kirol batzuetan bezala. Bidegabea izan daiteke, baina nik formatu hau gustuko dut gu talde txikia garelako eta talde txikiek aukera gehiago ditugulako ligako titulua irabazteko. 2010ean ligan 7. sailkatu ginen eta play-offetan finalera iritsi ginen. Talde txikiendako, hobea da.
EMAKUMEZKOEN ENTRENATZAILE
Emakumezkoen lehen senior mailako taldea entrenatzen duzu. Denboraldi ona egin du taldeak, pena Kopako finalerdian Orvinaren kontra erori izana.
Orvina da maila horretako talderik hoberena, koska bat gorago dagoena. Igoera fasea jokatuko du, estatu mailan jokatzeko. Dena den, nahiz eta euren kontra finalerdia galdu izana, oso pozik nago, Xotakoek partida oso ona egin zutelako. Atsedenaldira banakako berdinketarekin gindoazen eta azken minutuan bigarrena sartu ziguten, eta bigarren zatian ihes egin ziguten. Bi baja garrantzitsu izan genituen, Ana Lanchas eta Youssra, eta oso pozik nago hiru kadete gurekin egon zirelako jokatzen, oso ongi. Niretako hori da garrantzitsuena. Gure taldea goraka doa, baina baita behetik datozenak ere. Xotak emakumezkoen atal sendoagoa du, eta hori da helburua, emakumezkoen atala indartzea eta handitzen joatea. 2015ean hasi ginen emakumezkoen senior taldearekin eta egun nesken lau talde ditugu. Lana du, baina behetik neska gazteak etortzen dira, ilusioz eta ongi jokatuz. Hori da bidea, horrela segitu behar dugu.