Hedabideen aurrean, Donostian, eta irakurleen artean, Iruñean, aurkeztu ondoren, Nerea Balda Sanjuan idazleak Azpimarrak bere bigarren nobela aurkezteko "festa" bat eginen du ekainaren 1ean, osteguna, 19:00etan, Irurtzungo Pikuxar ganbaran. Joana Ziganda Olano izanen da aurkezlea eta musika eta pasarteen irakurketak izanen dira. Zerbait "atsegina" izanen da, liburuaren publikazioa ospatzeko. Liburua Erein argitaletxeak publikatu du eta Uxue Razquin izan da editorea. Lanak Ramiro Pinilla lehiaketa irabazi du; Atzerrian Baldaren lehenengo eleberriak egin bezala. Bigarren eskuko liburu bat da istorioaren abiapuntua, eta aurretik elkar ezagutzen duten bi pertsonaia dira protagonistak: Selva eta Andreu.
Nola sortu zen anekdota hori eta nola pentsatu zenuen nobela bat izan behar zela?
Askotan ez dugu garbi izaten zein izan den abiapuntu zehatza. Oraingoan, bai. Lagun bati gertatu zitzaion bigarren eskuko liburu bat erosi zuela bigarren eskuko denda batean eta batzuetan liburu bat erosten dugunean izena jartzen dugu, eta lagunaren liburu honek aurreko jabearen izena zekarren, eta berak ezagutzen zuen. Besterik gabe, kasualitate polita iruditu zitzaidan eta gorde nuen. Istorio baterako erabili behar nuela pentsatu nuen, eta halako batean horrekin idazten hastea erabaki nuen. Ideia horretatik abiatuta zer izan zitekeen pentsatu nuen: aspaldiko bi ezagun nituen, bigarren eskuko liburu bat eta azpimarratuta zegoela asmatu nuen. Lagunarena ez dakit azpimarratuta zegoen edo ez, baina nirea bai. Hasieran ipuin bat izango zelakoan hasi nintzen, eta pertsonaiak aurkezten hasi nintzenean ikusi nuen hari gehiago sortzen zitzaizkidala eta konturatu nintzen zerbait luzeagoa izango zela. Hori buruan nuela garatzen jarraitu nuen.
Bi protagonista daude. Asmatutakoak dira? Nola sortzen dituzu pertsonaiak?
"Emakumaren historiarekin hasi nintzen, eta hortik bestelakoak sortu dira"
Protagonistek ez dute anekdotaren protagonistekin zerikusirik. Kasu honetan pentsatu nuen bi pertsona elkartzen zirela, eta emakumezko bat eta gizonezko bat pentsatu nuen. Emakumearen historiarekin hasi nintzen, eta hortik bestelakoak sortzen dira. Sinopsian kontatzen dena: ama izan nahi du eta horrekin hasten da. Ondoren bestea etorri zen; nondik, ez naiz gogoratzen. Kontatu nahi duzun istorioa horretan beste gauza batzuk ere kontatu nahi dituzu eta sortzen joaten da.
Gai asko lantzen dituzu, tartean maitasuna eta amatasuna nabarmendu dituzue.
"Ez da maitasunezko istorio bat kontatu nahi izan dudana"
Istorio hori kontatu nahi nuen, eta gero konturatu nintzen amatasunari buruz hitz egin nuela. Pertsonaiarekin lotuta dago. Ama izan nahi du eta horrek hainbat gauza ekartzen ditu. Aitatasuna ere agertzen da. Beti istorioak berak eskatzen duena, istorioak eskatu bezala idazten ditut. Maitasunarena ere bai. Beti izan da gai bat ez dut esango beldurra diodala, baina bai izan da gai bat ez dudana gai nagusi bezala landu. Ez dakit nahita edo nahigabe izan den. Maitasuna hortik egon daiteke, baina ez gai nagusi bezala. Oraingoan bidea zuen. Maitasuna zentzu zabalean; harreman mota desberdinak agertzen dira ere. Ez da maitasunezko istorioa bat kontatu nahi izan dudana; hau kontatu nahi dut eta hor sartzen dira beste gauza batzuk.
Zer dauka Ramiro Pinilla lehiaketak?
Atzerrian, lehendabizikoa, irabazi nuen eta bigarren honetan izan da lan hori kokatzeko akuilua. Idazten hasi nintzen, eta pandemia garaian, itxialdiarekin, idazteari utzi nion; ez nengoen horretarako zentratuta. Gaixotu nintzen eta hamabost egunez logelan itxita gelditu nintzen, eta ekin nion berriro eta egun horietan martxa hartu nuen. Istorioa idazten jarraitu behar nuela pentsatu nuen. Azaroa zen eta Ramiro Pinilla otsailerako aurkeztu behar zen. Denbora emango zidala pentsatu eta nire burua pixka bat horretara bultzatu nuen. Orduan, aurkeztu nuen baina irabaziko nuenik pentsatu gabe. Aurkezten duzunean beti dago aukera hori, baina ez nuen horretarako aurkeztu. Hasieran zerbait motza izan behar zen, eta gero luzeagoa izan zen, baina ez oso luzea ere; eleberri laburra. Oso eskertuta nago lehiaketari eta Erein argitaletxeri. Gauzak erraz jarri dizkidate.
Testu originaletik oso gutxi aldatu duzue. Narratzaileak, ezta?
Ez bereziki narratzaileak. Nire lehenengo narrazioan esperimentatzeko nuen gogo horretan hainbat eszena errepikatzen ziren batean eta bestean. Gero ikusi genuen horrek agian traba egiten ziola irakurleentzat. Batez ere hori izan zen aldaketarik handiena. Polita izan da lana. Gutxitan egin dut horrelako zerbait, aditu batek zure lana hartzea eta esatea hau eta bestea horrela hobe ikusten dira, eta gero zuk berriro hartu eta buelta eman. Polita izan da.
Zer garrantzia dute azpimarrek?
Ezin dut gehiago kontatu hor dagoelako koxka, zer esan nahi duten. Izenburura eraman dugu horregatik, badutelako gakoa istorioan. Azpimarratzen dugunean, literaturan agian ez hainbeste gustuko esaldiak eta abar azpimarratzen ditugulako, baina irakaslea naizenez azpimarratzekoan ideiak atera behar dituzu eta garrantzitsuena azpimarratzen duzu. Horrek ere esanahi bat du. Garrantzitsua den zerbait da. Istorioan azpimarra fisiko batetik, liburuan dagoena, garrantzitsura zer den; metafora gisa.