Abesbatzaren kontzertu bereziena, kultur etxean

Guaixe 2023ko mai. 29a, 11:59

Irurtzungo Abesbatzako kideak. UTZITAKOA

Irurtzungo Abesbatzak kontzertu "berezia" eman zuen ostiralean eta larunbatean, herriko kultur etxean. 'Sarrerak agortuta' kartela zintzilikatu zuen.

Duela hamazazpi urte sortu zuten Irurtzungo Abesbatza. Elizako abesbatzan zeuden zenbait kidek estilo desberdinetako abestiak ikasi nahi zituztela azaldu du Fermin Idareta Goldazarena koruko zuzendariak: "Ideia bikaina iruditu zitzaidan bi arrazoirengatik: arlo pertsonalean bost urte lehenago pianoko karrera bukatu nuen Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioan eta profesionalki beste bide bat jarraitu nuenez, musikari lotuta jarraitzeko aukera paregabea zelako". Irurtzunen aurretik ez zegoen abesbatza tradiziorik, "eta norbaitek hasi behar zuela pentsatu nuen". Hamabost kide hasi ziren eta, gaur egun 27 abeslari daude. Aurreko ostiralean eta larunbatean (maiatzak 26 eta 27) kontzertua eman zuten, lehenengo aldiz, Irurtzungo kultur etxean. Bi egunetan hiru emanaldi eman zituzten, eta sarrerak agortu zituzten.

"Kontuan izan behar da abesbatzaren kide gehienek ez zekitela musika irakurtzen, ez zuten musika ikasketarik". Abestiak ikasi ahal izateko "metodo bat" garatu behar izan zuten, "eta zaila izan arren lau ahotseko abesbatza osatu nahi genuen". Lehenengo kontzertua herrian bertan egin zuten, baina Arakilgo zenbait herritara ere abestera atera ziren, "eta herri hauetako jendea abesbatzara batu zen". Taldea handitzen hasi zen, eta musikalki hezten. "Nafarroa osoan zehar kontzertuak egiten hasi ginen: Nafarroako Abesbatzen Elkarteko kideak gara 2010. urtetik". Idaretaren semea jaio zenean, Patxi Martinek hartu zuen zuzendaritza, eta berarekin Hueskako Loarreko gazteluan eta Tarazonako katedralean aritu zen abesbatza. 2019an itzuli zen Idareta zuzendaritzara. "Pandemiarekin entseguekin jarraitzea erabaki genuen, bakarrik hamar pertsona elkartzen ginen arren". Momentu zailak izan zirela gogoratu du Idaretak, "baina zorionez kide gehienak bueltatu ziren, eta gure jarduera berreskuratu genuen".  

Abesbatza
Gaur egun 27 abeslari daude Irurtzungo Abesbatzan; hamasei emakume eta hamaika gizon. Irurtzungo, Satrustegiko, Hiriberriko, Ihabarko, Irañetako eta Uharte Arakilgo kideak daude. "Talde polita osatzen dute, gehienek urte asko daramate elkarrekin abesten, eta giro bikaina dugu".

"Estilo guztietako" abestiak kantatzen dituzte: "Musika herrikoia, poema musikalizatuak, musika klasikoa, filmetako abestiak, erlijio kantak...". Hainbat hizkuntzatan abesten dute, esaterako, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, latinez eta abar. "Gure errepertorioa oso zabala da, eta beti izan dugu ideia berbera: entzulearendako interesgarriak izan daitezkeen abestiak eskaintzea". 

Ostiralean eta larunbatean eman zuten kontzertua "ilusio eta gogo handiarekin" prestatu zuten. "Herrian egindako kontzertuetatik erabat desberdina izango da". Orain arte kontzertuak elizan, frontoian edota kiroldegian egin dituzte. "Inoiz ez kultur etxean". Hurbiltasuna ematen duela uste du Idaretak. "Gauza asko egiteko aukera berriak ematen dizkigu aretoak". Hala ere, kultur etxearen edukieragatik hiru emanaldi eman behar izan zituzten sarrerak atera eta gutxira agortu zirelako. "Ahalegin handia eskatuko du, baina uste dugu jendeak prestatu dugunaz gozatzea merezi duela". Orain arte kantatu dituzten abestirik "politenak" entzun ziren kontzertuan. Sorpresa "interesgarriak" egon ziren ere. Urtean zehar Nafarroan zein Irurtzunen zenbait kontzertu ematen dituzte.