Kontu Ganberaren gomendioak betetzen ari da udala

Guaixe 2023ko eka. 5a, 09:01
Irurtzungo udaletxea. ARTXIBOA

Hainbat arlotan behar bezala jokatzeko neurriak hartuak ditu. Epaitegian salaketa bat jarri du ere.

Kontu Ganberak Nafarroako administrazio publikoaren kontuen, langileria eta kontratazioen legezkotasuna aztertzen ditu, eta azterketa bakoitzaren ondoren txostena argitaratzen du. Urtero zenbait udal aukeratzen ditu eta azterketa egiten die. Joan den urtean aukeratutako toki administrazioetako bat Irurtzungo Udala izan zen. Haren 2021eko txostena egiteko kontu ikuskari bat lastailean eta azaroan lanean aritu zen. Gerora Kontu Ganberako langile gehiago izan ziren. 

Irurtzungo Udalaren kasuan, Kontu Ganberak bere behin behineko txostenean antolakuntza, diru kontuei, kontrolari eta langileriari buruzko gomendioak egin ditu. Aitor Larraza Carrera alkateak jakinarazi duenez, "jasotako gomendio eta proposamen gehienak, dagoeneko, bete ditugu. Haiekin askotan egin ditugu bilerak. Gauzak argitzeko eta beharrezko neurriak hartzeko prest egon gara beti". 

Erakunde ikuskatzaileren txostenean jaso denez, "barne kontrola oso eskasa dela. Izan ere, finantza kudeaketa langile bakar baten esku dago". Horri aurre egiteko, besteak beste, udalak plantilla organikoaren egokitasunari eta lanpostuen balorazioari buruzko azterketa bat egiteko agindu dio kanpoko aholkularitza bati. Helburua da "lanpostu bakoitzaren funtzioak argi eta garbi definitzea, barne kontrol eta fiskalizazio handiagoa egon dadin; eta egungo plantilla organikoak funtzio horiek guztiak betetzeko duen egokitasunaren azterketa egitea".

Bestetik, Kontu Ganberak langile batek "baimenik gabe eginiko funts mugimenduak" atzeman ditu. Horren ondorioz, udalak bere interesak defendatzeko, Zaintza Epaitegian salaketa jarri zuen, baimenik gabeko diru-funtsen mugimenduak ikertzeko, akatsa den edo delitua den ebatz dezan.

Bestalde, langile batzuek ustez soldatan plantilla organikoak finkaturikoak baino lan osagarri handiagoak kobratzen dituztela jaso da txostenean. Guztien artean 5.128,88 euro gehiago jaso lituzketela ondorioztatu du. Horren jatorria argitzeko prozesua abiatu zuen udalak eta, dagoeneko, zuzendu du. Horretarako, besteak beste, plantilla organikoa eguneratu du. 

Kontuen Ganberak barne kontrola hobetzeko premia azpimarratu zion Irurtzungo Udalari. "Udaletxera heltzen diren faktura guztiek arlo bakoitzeko arduradunaren sinadura behar dute. Banku kontuetarako sinadura bikoitza eskatzen du: alkate eta kontu-hartzailearena". Udalak araudia berritu eta eskatutakoa bete du. Irurtzungo Udalaren iritziz, "Ganberak ohartarazitako deskoadratzeak askotan prozedura akatsen edo teknikoki gaizki gauzatutako erabakien ondorio izan dira. Ez dira erabaki arbitrarioak edo subjektiboak, ez teknikariek ez udaleko politikariek hartutakoak".