Pilota

Trinitatetan erabakiko dira Irurtzungo Pilota Txapelketako finalak

Guaixe 2023ko eka. 2a, 12:02

2022ko Irurtzun Pilota Txapelketako finalistak.

Lehen mailako finalean Irurtzun klubeko bi bikote lehiatuko dira, gazteak eta beteranoak. Ikusmina handia da

Irurtzun klubeko pilotarien lagunarteko partidak emango dio hasiera finaleko jaialdiari. Olaetxea eta Armendariz Lau eta Erdian lehiatuko dira. Ondoren hasiko dira finalak. Bigarren mailakoan, Mikelarenak (Burugain) eta Santestebanek (Oberena) De la Torre eta Roldan (Lagunak) izango dituzte aurkari. "Esango nuke agian Mikelarena eta Santesteban direla faboritoak, baina ikusiko da". 

Irurtzun vs Irurtzun
Lehen mailako finalak interes handia piztu du. Izan ere, Irurtzun klubeko pilotariak lehiatuko dira, Retegi Bi eta Iosu Bergera beteranoak, batetik, eta Aingeru De la Fuente (Irurtzun) eta Apezetxea (Umore Ona), bestetik. Beteranoak gazteen kontra, beste behin. Izan ere, joan zen urtean ere hala izan zen. Iaz txapelketa kluben arteko txapelketa gisa jokatu zen, eta bi klub finalistak Irurtzun gazteak eta Irurtzun beteranoak izan ziren. Lau eta erdian De la Fuentek 22 eta 16 irabazi zion Ongayri eta binaka Retegi Bik eta Bergerak 22 eta 17 irabazi zieten Olaetxeari eta Lazkozi. Bi partidak kontuan hartuta, tanto baten aldearengatik gailendu ziren gazteak. 

Aurten, aldiz, binakako txapelketa izan da. "Retegi Bi-Bergera eta De la Fuente-Apezetxea... ez naiz bustiko, baina ostegunean (atzo) De la Fuentek eta Lozak eta Apezetxeatarrek Mallabiako finalerdia jokatu zuten eta agian esfortzu horrek eragina izan dezake. Ikusiko dugu" dio Berazak. Nolanahi ere, ikuskizun ederra espero da. 

Babes gehiago
Miguel Berazak Irurtzungo Udala eskertu du, klubari ematen dion babesagatik, baina Sakanako Mankomunitatetik laguntza gehiago jaso beharko luketela uste du. "Gurean Sakanako pilotari asko hartzen ditugu. Sakanako gainontzeko klubek 15 urtetik gora ez dute jende nahikorik, eta gazte horiek guztiek gurera jotzen dute. Guk ez dugu inolako arazorik, jakina, baina uste dugu Mankomunitatetik ez dugula merezi dugun laguntza jasotzen" adierazi du Berazak.