Pilota

Gazteak nagusi Irurtzunen

Guaixe 2023ko eka. 13a, 10:00

Finalista guztiak, talde argazkian. UTZITAKOA

XXXI. Irurtzungo Pilota Txapelketan De la Fuente eta Cuairan gailendu ziren Retegi Biren eta Bergeraren aurretik. Bigarren mailako finalean Mikelarena eta Apeztegia faboritoek ez zuten huts egin

Ekainaren 3an jokatu ziren XXXI. Irurtzungo Pilota Txapelketako final handiak. Giroa ederra zen, Trinitate festetan murgilduta baitzeuden irurtzundarrak. Frontoiak itxura paregabea zuen, ia beteta baitzegoen. 

Bigarren mailako finalean Mikelarena eta Apeztegia ziren faboritoak eta katedrak bete-betean asmatu zuen, 12 eta 22 irabazi baitzieten De la Torreri eta Roldani, final politean. 

Lehen mailako finalean aldaketa egon zen. Apezetxeak baja egin zuen, eskuko minarengatik, eta Cuairanek hartu zuen bere tokia. Irurtzun klubeko Aingeru De la Fuenterekin osatu zuen bikoa, Irurtzun klubeko bi beteranoen kontra aritzeko: Retegi Bi eta Bergera. Irurtzun klubeko arduradun Miguel Berazak adierazi duenez, “final oso gogorra izan zen. Estua. Azkenean gazteak gailendu ziren, Cuairan eta Aingeru de la Fuente, 22 eta 16, sekulako ikuskizuna eskainita. 

Europako Kopa
Irurtzunek ez du Herrien Arteko Txapelketan aurrera egin, bere multzoan hirugarren sailkatu eta gero. Bestalde, gogoratu beharra dugu Espainiako Kluben Arteko Pilota Txapelketako taldekako ligaxkan Irurtzun hirugarren sailkatu zela. “Sei tantoren aldearengatik ez ginen finalera sailkatu. Baina mutilek sekulako lana egin zuten, eta ezin gara kexatu. Txapelketa ona egin zuten” nabarmendu du Berazak. 

Irurtzungo Klubak parte hartuko duen hurrengo txapelketa garrantzitsua Europako Kopa izango da, ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean Iscarren (Valladolid) jokatuko dena. Irurtzunek klub gisa hartuko du parte, lau pilotariekin, binakako txapelketan eta buruz burukoan parte hartuko baitu. “Oberena eta gu gara bi txapelketatan parte hartuko dugun klub bakarrak, gainontzeko klubak batean edo bestean ariko baikara. Oraindik ez dakigu zein pilotari eramango ditugun, aurrerago ikusiko dugu, baina gure pilotariak oso gogotsu daude. Klub gisa, Espainiako Txapelketetan eta halakoetan parte hartzea esfortzu handia da guretako, maila ekonomikoan bereziki, baina gure pilotariei halako aukerak eman behar dizkiegu, aurrera egin dezaten” zehaztu du Berazak. Ekainaren 30ean finalerdiak jokatuko dira, eta uztailaren 1ean, finalak.