Udalak igeriketa ikastaro eskaintza egin du

Guaixe 2023ko eka. 9a, 11:17

Irurtzungo igerilekuan ur parkea. ARTXIBOA

Lau urtetik gorako haurrek igerian ikasteko edo dakitena hobetzeko aukera izanen dute. Izen ematea garagartzaroaren 22ra arte dago zabalik. 

Itxesia igerilekuak haurrak igerian ikasteko hasiera mailako ikastaroak hartuko ditu udan. Irurtzungo Udalak jakinarazi duenez, ikastaroetan izena ematen dutenek 62 euro ordaindu beharko dituzte, igerilekuko bazkideek, berriz, 52. Udalak azaldu du matrikula egiteko interesa duenak ordainketa frogagiria eta izen emate orria aurkeztu beharko dituela. Izen emate orria www.irurtzun.eus web orrian, udaletxean edo kultur etxean jaso daitezke. 

Udalak gaztigatu duenez, taldeak eta ordutegiak zehazteko mailaketa proba eginen da ikastaroak hasi aurretik. Proba hori garilaren 3an, 12:00etan, eginen dute igerilekuetan bertan. Behin ikasleen mailaketak eginda, irakasleak astelehenetik ostegunera emanen dituzte klaseak, garilaren 6an eta 20an izan ezik. Bi data horietan galdutako klaseak garilaren 14an eta 28an berreskuratuko dituzte ikasleek. Klaseak euskaraz edota gaztelaniaz izanen dira, taldeetako kideen hizkuntzaren arabera. Informazio gehiagorako kultur etxetik pasa edo 948 600 142 telefonora hots egin daiteke. Izena emateko, udaletxera jo edo www.irurtzun.eus webgunean sar daiteke.