Hydro enpresak jakinarazi duenez, hidrogeno berdea energia iturri gisa erabiliz aluminio birziklatuko lehendabiziko lotea ekoiztea lortu du. "Mugarri hori mundu mailan lortzen den lehen aldia da, eta konpainiak Irurtzunen duen estrusio plantan gertatu da", gaineratu dute. Proiektu pilotu horrekin lorpen hori lortzeko, aluminioa birziklatzeko galdaketan erregai gisa erabili ohi den gas naturalaren ordez karbonorik gabeko hidrogeno berdea erabili dute. Hydrotik jakinarazi dutenez, "ekoiztutako aluminioa Hydro Extrusion Navarran bertan erabiliko da birziklatze prozesuan hidrogenoa erabili duten aluminio estrusionatuzko lehen profilak egiteko". Enpresako arduradunek gaineratu dutenez, "arlo horretan, Irurtzungo lantegia erreferente izango da Hydro taldeko beste konpainia batzuendako". Hidrogenoa eta gasa tenperatura desberdinetan erretzen dira. Horrek fusio prozesuan eta aluminioaren kalitatean nola eragin dezakeen ikertu eta aztertuko dute urte bukaerara arte.
Enpresako ordezkariek gaztigatu dutenez, "orain arte, hidrogenoarekin egindako proba ezagunak laborategian bakarrik egin dira. Orain Irurtzungo plantan egindakoak dira munduan industria mailan arrakastaz egiten diren lehenak, hidrogeno berdea erabiliz energia iturri gisa aluminio birziklatuaren ekoizpenean". Paul Warton Hydro Extrusions enpresako lehendakariorde exekutiboak azaldu duenez, "proba horiekin gogoa berotua dugu, Hydrok industriaren deskarbonizazio prozesuarekin duen konpromisoa erakusten baitute. Energia iturritik CO2 isuriak kenduz, kontsumoaren ondorengo txatarra erabiliz karbonorik gabeko aluminio birziklatua ekoizteko gai izango gara".
Hydrok hidrogeno berdean espezializatutako konpainia bat du, Hydro Havrand. Hango adituek egin eta zuzendu zituzten Irurtzungo lantegiko probak. Horretarako, Fives North America Combustion industria ingeniaritzako taldearen lankidetza izan zuten.
Per Christian Eriksenek, Hydro Havrandeko arduradunak, esan duenez, "proiektua erregai fosilak ordezkatzeko irtenbide komertzialen garapenaren parte da, eta hidrogenoa aluminioa ekoizteko erabil daitekeela erakusten du. Hidrogeno berdeak murrizteko zailak diren isurketak ezaba ditzake elektrizitatea alternatiba ez den prozesuetan, bai aluminioaren industrian, bai beste industria astun batzuetan (zementua, beira...)".