Astekaria

"Lan polita eta eskertua da; bere gauzak ere ditu, noski"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko eka. 27a, 13:09

Patxi Mikeo Ariztimuño Irurtzungo kultur eta kirol teknikaria kultur etxearen atean.

Patxi Mikeo Ariztimuño hiru hamarkadaz Irurtzungo kultura, kirol eta, orokorrean, aisialdiaren kudeatzailea izan da. Ekainaren 30ean izanen du kultur etxeko bulegoan azkeneko eguna.

Lekunberritik iritsi zen duela 30 bat urte Patxi Mikeo Ariztimuño Irurtzungo kultur etxera. Hiru hamarkadaz kultur eta kirol teknikaria izan da. Ekainaren 30ean izanen da bere azken lan eguna, jubilatzen baita. "Luzea" egiten ari zaio isilean eta oharkabean joan nahi zuelako, "baina ez da posible izan". Irurtzunen dagoen kultur asoziatiboa eta parte hartzea lagun izan ditu ibilbidean, eta maiatzaren 19an herriaren esker ona jaso zuen. Datorren urterako ez du ezer buruan, "nire burua kokatu behar dut".

Noiztik zara Irurtzungo kultur eta kirol teknikaria? 
1992ko urtarriletik. Irurtzungo Udalak oposizio lehiaketa atera zuen. Kultur teknikari bezala hasi nintzen, lan jardunaldi erdia, eta gero kirolak ere hartu nitzakeela ikusi nuen eta jardunaldi osoan hasi nintzen. 

Zergatik eman zenuen izena oposizio horretan?

"Arlo soziokulturala deitzen nindutela ikusten nuen; DNA-n neraman"

Magisteritza ikasi nuen eta oso gaztetik boluntariotza taldetan egon naiz, gehienbat Lekunberrin eta aspektu askotan kultur gaiak eramaten. Ikusten nuen arlo soziokulturak erakartzen ninduela, nire DNAn zegoela. Orduan bizitzaren gorabeherak direla eta ez nituen magisteritza oposizioak atera eta Lekunberriko enpresa pribatu batean hasi nintzen eta zazpi urtez bertan egon nintzen. Enpresak ez zuen aurrera egin eta euskara ikasten hasi nintzen, Paz de Ziganda ikastolan Hezkuntza Departamentuaren bidez eskolaz kanpoko ikastaroak ematen egon nintzen, Larraungo Udalean kirol teknikari urte batez izan nintzen, Irurtzungo plaza atera zen arte. Garai horretan Luis Mari Viñasek administrazioa lan egiten zuen eta berari esker eta herriko kolektiboei eskera kultur teknikari plaza atera beha zela pentsatu zuten. Berak ez zuen plaza aukeratu nahi izan eta publikoa atera zen. Luis Mari bultzatzaile bat izan zen, hori nintzenean berak asko lagundu ninduen. Zoritxarrez hil zen. Horrelakoak izan ziren nire hasierak. 

Zureak eta kultur zerbitzuarenak, ezta? 
Bai. Irurtzun betidanik tradizio asoziatibo handiko herria izan da. Hasieratik ikusi nuen hori oso ezarrita zegoela. Kultur koordinadora bat zegoen, gerora kultur batzordean bihurtu zena, eta bertan kultur kolektibo guztiek eta udalak parte hartzen zuen. Hori guztia koordinatzeko eta kultur etxea kudeatzeko pertsona bat behar zen. 


Patxi Mikeo Ariztimuño Irurtzungo kultur etxeko bulegoan.

Nolakoak izan ziren hasierak?
Ez ziren errazak izan. Kanpotik nentorren eta jendeak ez ninduen ezagutzen. Egia da lehen oposizio probak desberdinak zirela eta proiektu bat aurkeztu behar genuela. Zortea izan nuen proiektu hori kolektiboekin prestatu nuelako eta plaza atera nuenean ezagutzen ninduten. Baina hasiera guztiak bezala zaila izan zen. Azkenean, ni bakarrik nengoen. Zerbitzua prestatu behar izan nuen, eta pixkanaka joan nintzen zerbitzua sortzen, eta beharrak sortzen.

Jendeak teknikariaren lana ezagutzen du?

"Ekartzen dudan guztia aurretik ikusten saiatzen naiz, publikoaren gustukoa izateko"

Jendeak esaten dit: Zer lan polita duzun! Egia esan, bai; oso lan eskertua da. Oso eskertua eta polita da. Baina jendea ez da konturatzen atzean duen guztiaz. Adibidez, antzezlan bat edo ekimen bat ekarri aurretik aukera badut ni saiatzen naiz aurretik ikusten. Horrela ikusi dezakezu zure publikorako, Irurtzungo publikorako, den. Horrekin lotuta beste gauza asko ere: musika emanaldi bat, egurrezko herri jolasak... Nire akatsa eta aldi berea bertute handiena da denbora galtzea gauzak ikustera joateko hona ekarri aurretik. Dena ezin dut ikusi, baina saiatzen naiz. Hemen ere espazioak kudeatzen ditut, herri txiki bat da eta udalak esfortzu handia egiten du kultur eta kirol teknikaria izaten, eta azkenean denetarik egiten dut. Beste toki batzuetan teknikari bat dute, administrazioko bat, areto teknikari bat... Hemen lan horiek pertsona batean biltzen dira. Azkenaldian areto teknikaritzan eta administrazioan laguntza dut. Hemendik aurrera zer gertatuko den eta faltan botako nautela mezuak jaso izan ditut, baina beste pertsona bat etorriko da eta ez naute faltan botako; desberdina izango da, baina ohituko gara. Beraz, polita dela diote eta bai, bada; baina batzuetan bere arazoak ditu, etxera eramaten dituzu, edozein lanetan bezala. Batzuetan ezin duzu deskonektatu. Nire izaeragatik akats hori ere badut, bulegotik ateratzen naizenean buruari bueltak ematen jarraitzen dudala. 

Zein da kultur teknikari baten lana? Nola sortzen dituzu programazioak?
Nafarroako Gobernuaren zirkuitu batzuen parte gara, Arte eta kultura, Udal platea, Euskarabidea... Proposamen asko iristen zaizkigu. Lehen postaz iristen ziren eta gaur egun Internet bidez. Gurean jotzeko interesa duten taldeen dei asko jasotzen ditugu ere, geroz eta dei gutxiago, baina harrigarria da: antzerki taldeak, musika taldeak eta abar. Lehenengo gauza da katxea begiratzea, eta batzuetan esan behar diezu oker dabiltzala, herri txiki bat dela eta 10.000 euroko proposamen bat egiten badigute, hemen ezin dugula hori gastatu. Nafarroako Antzoki Sarearen parte gara ere. Proposamenak kultur zinegotziari eramaten dizkiot eta, ondoren, kultur batzordean aurkezten ditugu. Kultur batzordea aholku emailea da. Adostutako zerbait izaten da. Elkarte eta kolektiboek egiten dituzten ekimen guztien berri dugu eta datozen hilabeteetan kultur etxean eginen diren ekimenen informazioa dugu. Urtarrilan programazio orokorra egiten dugu: Festak noiz ospatuko diren zehazten dugu, herriko festak, San Martin eta Trinitateak; mendi jardunaldiak... Urte osoko estruktura osoa egiten dugu eta ondoren elkarte bakoitzeko ordezkariek informazio hori kolektiboan jakinarazten dute eta zerbait antolatu nahi badute badakite noiz dagoen libre.

Zer behar da kultur teknikaria izateko?

"Formatzen joan behar zara; ahal izan dudan guztian trebatu naiz, eta eskerrak"

Hasteko, ez dago formazio espezifikorik. Orain kultur kudeaketan master bat dago, baina ez dago trebakuntza espezifikorik. Oso garrantzitsua da formatzen joatea. Postuaren araberakoa izan ohi da; ni egon naiz etengabe administrazioan, Interneten, sare sozialetan, horretarako desastre bat naizela, eta abarrentan trebatzen. Eguneratzen joan behar zara. Bere garaian animazio soziokulturaleko graduondoko bat egin nuen, orduan Zaragozako Unibertsitatearen bidez, eta bertako eremuaren kudeaketarako ikastaro espezifiko bat egin nuen ere. Monografiko asko egin ditut, denetarik: protokolo, areto teknikaria, kartelak diseinatzekoak... 

Horretarako ere interesa izan behar duzu. 
Bai, badira ogibide kideak ez direla gehiago trebatuko esan didatenak, nahi badute beste pertsona bat hartzeko eta hor gelditu dira. Baina interesa eta gogoa izan behar duzu, izan ere, ikastaroak egiten zauden bitartean, lana aurrera atera behar duzu ere. Nik interes hori ez dut inoiz galdu eta eskerrak. Ahal izan dudan guztian formatu naiz.

Kirolaren arloan zer egiten duzu?
Kirol arloa eskaini zidatenean nik esan nien azkar zela, eskaini zidatenean jardunaldi erdian nengoelako eta kultura egin nahi nuelako. Behin kulturari martxa hartu nionean kirola hartzeko momentua zela esan nien, baina nik ez nuela dendena kudeatuko. Sakanako Mankomunitateko Kirol zerbitzuan gaude, eta kirol teknikari bat dago programa espezifikoak egiten. Nik bertako kirol elkarteen programak lantzen lagunduko nituen, baita eskolaz kanpokoak koordinatuko nituen ere. Kolektiboen laguntzaile, gehienbat. 

Zerbitzua asko aldatu da?

"Oso pozik nago ikusten dudalako parte hartze handia dagoela; ohitura da"

Analogikotik digitalera pasatu gara. Lehen dena karteletan iragartzen zen, eta gaur egun zer dagoen jasotzeko klik batean informazio guztia duzu. Jendeak asteburuan zer dagoen azkar ikus dezake. Parte hartzeari dagokionez zorionez Irurtzun oso herri parte hartzailea da eta horrela jarraitzen du. Etorri nintzenean Iratxo elkartea bultzatzaile bat zen, eta bertako jendearekin hasi nintzen, eta oraindik gaur egun parte hartzen du. Batzuk utzi dute, baina badago jendea jarraitzen duela. Iratxo esan dut erreferente bat izan delako, baina hor ere Pikuxar dago, harrigarria da egiten dutena; aktibitate handia du. Ni ez banengo ere ez zen nabarituko. Oso pozik nago ikusten duzulako aktibitate izugarria dagoela. Guztiak batera osagarri gara. Aizpeak zerbait antolatzen du eta udalari eta kultur etxeari laguntza eskatzen dio. Eta aurrera. Bestela zenbait gauza bakarrik aurrera eramatea ezinezkoa izanen zen. Agenteak eta boluntarioak desagertzen joaten dira, baina berriak ateratzen dira ere. Larrazpiren junta guztiak ezagutu ditut ere, batzuk oso problematikoak izan dira, baina gazteak dira. Orain bere kontura doaz, baina horrelakoak dira gazteak. 

Herri parte hartzailea da. 
Azkenean ohiturak eta kultura sortzea da. Jendea ohitura horiek hartzen joaten da. Aisialdirako proiektuak egiten dituzu, hori kultura da, eta kultura zu zarena da. Antzezlan edo dena delako horiek bizitzaren islada dira askotan. Jendea erlazionatzeko modu bat da ere. Ekimen horretara joango den jendea erlazionatzeko puntu bat izanen da.

Zer izan da hoberena?
Gogobetetze pertsonala eta jendeak ematen dizun errekonozimendua. Maiatzaren 19an engainatu ninduten. Lorena, Aitziber eta Itziarrek ITB egiten zuten eta esan zidaten berriz egin nahi zutela. Arraroa iruditzen zitzaidan duela bost bat urte ez zutelako egiten, baina esan zidaten jende berria hastea nahi zutela eta abar. Data horretan Barazkigunean ez zegoela ezer ikusi genuen, proiektatzeko pantaila behar zutela, aulkiak... Bikotekidearekin eta herriko kolektibo guztiekin konpintxatuta zeuden eta sari banaketa antzeko bat egin zuten. Sari guztiak Patxi Mikeorendako ziren. Opari erraldoia izan zen, bizitza osoan gordeko dudana. Nik gaizki pasatu nuen ikusten nuelako ez ziela denborarik emanen errekopilazioa egiteko. Erraldoien konpartsa atera zen, Iskidiko izaki mitologikoak... Sopresa izugarria izan zen, ez nuen espero.

Momentu txarrak? 
Beti gelditzen zaizu sentsazioa norbaiti ez diozula bere ideia aurrera eramaten lagundu, pertsona horrek ez duela espero zuen laguntza jaso. Beste batzuetan haserretzen zara, eta gero pentsatzen duzu zergatik izan duzun jokabide hori. Bizitza bezala. 

Herriaren bizitza osorako "oparia"


Patxi Mikeo, erdian, Isikidiko izaki mitologikoekin omenaldian. UTZITAKOA

Maiatzaren 19an ITBren buletaren aitzakiarekin sorpresa "izugarria" egin zioten Patxi Mikeo Ariztimuñori. "Goya serien" antzeko sari banaketa prestatu zuten, baina kategoria guztietan sariduna kultur teknikaria bera zen. 

Patxi Mikeo, zutik ezkerretik seigarrena, Irurtzungo erraldoi konpartsarekin. UTZITAKOA