Areto futbola

Eloy de Pablos eta Leo Cafe, Xotara

Guaixe 2023ko uzt. 7a, 10:00

Eloy de Pablos. XOTA.

Pol Barrot kataluniarrak ez du taldean segituko

Eloy de Pablos segoviarrak eta Leo Cafe brasildarrak Xotan jokatuko dute. De Pablos talde horrek Inter Movistarrekin egindako zesio baten ondorioz sartu da. 20 urteko gaztea lehen aldiz ariko da lehen mailan, eta etorkizun oparoa izan lezakeen jokalaria da. Dani Saldiserekin batera ibili da Movistar Inter taldean, beraz, elkarlanean arituko dira berriz ere.

Leandro Alves Ferraz, Leo Cafe izenaz ezaguna, bi urtez ariko da, eta lehen aldia du Espainiako Ligan. Umuarama cluba du jatorri; 2019tik egon da bertan. Miguel Hernandezen esanetan, defentsa ona da. Ezkerra da, baina, entrenatzailearen aburuz, bi hankak ondo erabiltzen ditu. "Gure joko estilora ondo moldatzen da".

Bestalde, Pol Barrot kataluniarrak ez du Xotan jarraituko datorren denboraldian, eta taldea utziko du Iruñera iritsi eta urtebetera. Lehenengo taldearekin aritzeaz gain, bigarren B-ko filialean ere aritu da.