Aaron Ortiz Garcia sukaldariak Kabo jatetxea du Iruñean. Jakinarazi duenez, bakarren batek sanferminetan 60 erreserba faltsu egin dizkie. Horretarako, dirurik ez zuten kreditu txartelak eta existitzen ez diren e-posta helbideak eta telefonoak erabili dituzte. Baita zilegi ez den moduan izen eta abizenak erabili ere. Ortizek azaldu duenez, "astetan erreserbak atzera bota ditugu, sanferminetarako beteta geundelako. Baina harrituta gelditu gara eguna iristean erreserba guztiak edo bertan behera gelditzen zirelako edo ez zelako inor agertzen". Gaineratu duenez, "emandako telefono zenbakietara hots egin eta existitzen ez zirela jabetu ginen. Edo zertaz ari ginen ez zekiten pertsonak ziren, ez baitzuten erreserbarik egin. Edo dirurik ez zuten txartelak ziren".
Ortizek azaldu duenez, "hasieran sanferminak zirelako gertatzen zela pentsatu genuen. Baina, ondoren jabetu ginen guztia behar bezala prestatuta zegoela". Aitortu duenez, "lantaldearen animoarendako kolpea izan da. Baina diru kolpe handia ere". Azaldu duenez, babesgabetasun egoera horren aurrean erreserbak egiteagatik zerbait kobratzea aztertzen ari dira jatetxean. Bestetik, jasotako babesa eskertu dute.