areto futbola

Abuztuan lagunarteko lau partida eta Nafarroako Kopako finalerdia jokatuko ditu Xotak

Guaixe 2023ko uzt. 19a, 11:00

Miguel Hernandezek bere lehendabiziko entrenamendu ofiziala uztailaren 26an gidatuko du. XOTA

Talde irurtzundarrak irailaren lehen asteburuan ekingo dio ligari, Barça egungo txapelduna Anaitasunan hartuz

Osasuna Magna Xotak uztailaren 26an hasiko du aurre denboraldia, Miguel Hernandez entrenatzaile berriak gidatuko duen lehendabiziko entrenamendu ofizialarekin. Uztailaren 31n jokalariek mediku probak egingo dituzte, eta abuztuan lagun arteko lau partida jokatuko dituzte, irailean hasiko den Lehen Mailako 2023/2024 ligarako prest egoteko. 

Abuztuaren 9an talde berdeak Colo Colo Zaragoza hartuko du Anaitasunan (20:00). Abuztuaren 12an, Peñiscolan, Servigroup Peñiscolaren kontra jokatuko du talde nafarrak, eta abuztuaren 19an Osasuna Magna Xotak Industrias Santa Coloma taldea hartuko du Noainen (19:00). Abuztuaren 23an Osasuna Magna Xotak Nafarroako Kopako finalerdia izango du jokoan. Aurre denboraldia bukatzeko, abuztuaren 26an derbia eskainiko dute Osasuna Magna Xotak eta Tudelano-Riberak Anaitasunana (12:00). 

Barça, ligako lehen arerioa
Federazioak Lehen Mailako areto futboleko 2023/2024 denboraldiko egutegia aurkeztu du. Lehen jardunaldia irailaren lehen asteburuan jokatuko da, eta Osasuna Magna Xotak goitik hasiko du liga, aurtengo txapelduna izan den Barça hartuko baitu, Anaitasunan. “Etxean ekingo diogu denboraldiari eta arerio oso gogorraren kontra. Inoiz ez dakizu halako taldeen kontra hasieran edo beranduago jokatzea egokiagoa den. Dena den, denboraldia topera hasi beharra dugu, berdin da noren kontra izan” azaldu du Miguel Hernandez entrenatzaileak. 

Ligak 30 jardunaldi izango ditu eta maiatzaren 11ko asteburuan despedituko da. Osasuna Magna Xotak eta Tudelano-Riberak jokatuko dituzten derbiak urriaren 28ko asteburuan, Tuteran, eta marsuaren 9ko asteburuan, Anaitasunan, izango dira.  

Babesleak lotzen
Osasuna Magna Xotako zuzendaritzak lanean jarraitzen denboraldiari behar bezala aurre egiteko. Goikoa eta Scan Global Logistics enpresek Xota babesten jarraituko dutela adierazi du klub berdeak, eta esker onena azaldu die.