Mikel Lasarte Artola jaiotzez azpiroztarra da, baina aspaldi bizi da Irurtzunen. Herri kirolari petoa, harri jasotzailea da, Sakanako Harri Jasotze Eskolako irakaslea eta azken urteetan beste zaletasun bat du: motozerrarekin egurrean eskulturak egitea. Azken urteetan San Fermin Motozerra Txapelketako txapeldunordea izan da; eta aurten, azkenean, horrenbeste amestutako txapela lortu du. "Ez dakit zehatz zenbat parte hartze izan ditudan, zazpi-zortzi inguru, eta gehienetan bigarren gelditzen nintzen, lehendabizikotik, –Juan Usin izan da azken urteetako txapeldun nagusia– puntuazio oso txikira. Aurten ongi joan da, eta txapela lortu dut. Txapelketa prestatzeko entsegu mordoa egin nuen: irudi asko eta asko tailatu ditut. Gainera, finalean entseguetan baino hobeki egin nuen saioa; erritmo oso onean aritu nintzen, eta lan ona egin nuen. Txapela janztea tokatu zen, eta oso pozik nago" aitortu du Lasartek.
Espresioa eta xehetasunak
Juan Asinek, Peio Kañamaresek eta Mikel Lasartek parte hartu zuten txapelketan. Ordu erdiko epean motozerrarekin bi irudi edo eskultura egin behar zituzten, enborretik hasita. Txapela erabakitzean faktore asko baloratzen ditu epaimahaiak. "Originaltasuna baloratzen da, eskulturaren dinamismoa edo mugimendua, eskulturaren espresioa, zailtasun teknikoa –zenbat eta zailagoa izan, orduan eta gehiago baloratzen da–, eta zurezko eskulturaren xehetasunak ere baloratzen dira. Faktore dezente". Bi epaile egoten dira, euren balorazioa egiten dute, puntu guztiak batu, eta horrela erabakitzen da irabazlea. "Oilar bat egin nuen, xehetasun asko zituena, eta onddo animatu bat. Onddoaren espresioa eta oilarraren xehetasunak izan ziren gainontzekoekin alderatuta gehixeago puntuatu zirenak eta garaipena eman zidatenak". Sanferminetan lagun artean bazkalduta ospatu zuen txapela, "modu xumean, baina izugarrizko pozarekin". Txapela lortzeagatik "bizipoz izugarria" du. "Txapela lortzeak animo handia sortzen du, lanean jarraitzeko eta lana ahalik eta hobekien egiteko ilusioa".
Mikel Lasarte: "Txapelak lanean jarraitzeko ilusioa sortzen du, bizipoz izugarria"
Harria eta zura, pasioa
38 urte inguru zituela hasi zen Lasarte motozerrarekin irudiak egiten. "Anaia zurgina dut eta etxean tailatzen eta gubiarekin lanean dezente aritu izan naiz. Motozerrarekin irudiak egitea probatu nuenean, guztiz harrapatu ninduen. Eta geroztik geratu gabe ari naiz, ordu mordoa sartzen ditut. Harri jasotzearekin batera, nire pasioa da". Egin zuen lehen irudia "hontza bat izan zen, hegoak zabalik, baina orain egiten ditudanarekin alderatuz, nahiko zakarra atera zitzaidan (kar, kar). Hala ere, lehendabiziko lanarekin nahiko pozik geratu nintzen".
Mikel Lasartek ez daki motozerrarekin zenbat irudi egin ote dituen, baina asko dira, "ikaragarri. Joan zen urtean, esaterako, enkargatutako 30-40 hontz egingo nituen lasai. Erakustaldietako irudiak eta bestelako enkarguak eta lanak kontuan hartu gabe. Ilundaingo baso biziduna, Berriozarko ibilbide tematikoa eta Sarrigurengoa, esaterako, bere sormena dira.
Harri jasotze eskola, bikain
Lanbidez, Ilundaingo Haritz berri baserri eskolako irakaslea da Lasarte. Horretaz gain, ordu asko sartzen ditu Sakanako Harri jasotze eskolan, hasieratik bertako irakaslea baita. Egun, inoiz baino hobeki dago eskola. "Orain arteko parte hartzerik handiena dugu: bost mutil eta bi neska daude harri jasotzean trebatzen, eta maila onean dabiltza, gainera. Oso pozik nago, harrobia dagoelako eta jendea gure kirolera animatu delako. Ea gehiago animatzen diren".
Mikel Lasarte: "Orain arteko parte hartzerik handiena dugu Sakanako Harri Jasotze eskolan: bost mutil eta bi neska, eta maila onean dabiltza, gainera"
Sanferminetan jokatutako Nafarroako Harri Jasotze Txapelketan parte hartu zuten Oskar Aguas berriozardarra eta Aitor Oiarbide etxarriarra eskolako ikasleak dira, eta beste bi partaideak, Albaro Zugarrondo eta Josetxo Urrutia, eskolan trebatu ziren. "Guztiak gure eskolatik pasatu dira; ilusio handia sortzen du horrek". Nahiz eta Aitor Oiarbidek txapela eskura izan, azkenean Aguas izan zen txapelduna. "Aitor oso ongi hasi zen, aurretik zegoen, baina ezin izan zuen azken txanda bukatu. Alde horretatik pena, baina txapelketa bikaina egin du eta pozik gaude. Bazkari ederra egin genuen ospatzeko".
Udan plazetako erakustaldiak dituzte aurretik, eta irailetik aurrera Sakanako Harri Jasotze Eskolan betiko martxan hasiko dira, "hurrengo urteko txapelketa prestatzen, gurean epe luzera lan egin behar baita".