Dani Saldise eta Xota, protagonista Irurtzungo jaien hasieran

Guaixe 2023ko uzt. 21a, 11:30

Dani Saldise bere anaia Javirekin, suziria piztu baino lehen.

Dani Saldisek Irurtzungo festetako suziria piztu zuen, taldeko gainontzeko jokalari irurtzundarrak alboan zituela

Txuriz jantzita zeuden irurtzundar gehienak Irurtzungo festen txupinazoan, baina Osasuna Magna Xotaren berde kolorea izan zen protagonista festen hasieran. Inter Movistar eta Palma Futsal taldeetan jokatu eta azken honekin Europako txapeldun izandako Dani Saldise irurtzundarrak piztu zuen suziria, Madrileko eta Palmako ibilbideari agur esan eta atzera ere Xotara, etxera, itzuli den jokalariak. Javi Saldise anaia izan zuen lagun suziria pizterakoan, eta ekitaldian ere Xotako egungo taldekide irurtzundarrak izan zituen bidaide: Roberto Martil kapitaina eta bigarren entrenatzailea, Ion Cerviño eta Asier Llamas atezaina.

“Makina bat tokitan jokatu izan dut jende askoren aurrean, eta ohituta nago, baina herrian suziria piztea beste gauza bat da. Oraindik dardarka nago” aitortu zuen suziria jaurtiki eta lehendabiziko brindisa egin ostean. 

"Ohorea"
Saldisek nabarmendu zuen “oso pozik” zegoela suziria piztearen “ohoreagatik”. “Irurtzundarra naiz, eta oso garrantzitsua izan da niretako, berriro biziko ez dudan zerbait”. Txupinazoa berak jaurtitzearen ardura herritarrek bozkatu eta aukeratu izana balorean jarri zuen. “Ez da berdina norbaitek izendatzea, hala herritarrek erabakitzea. Askoz ere gehiago hunkitu nau herritarrek txupinazoa jaurtitzeko ni aukeratu izana” nabarmendu zuen. 

Suziria piztu baino lehen 2022an jaiotako irurtzundarrek herriko zapia jaso zuten Irurtzungo erraldoi eta buruhandien konpartsaren eskuetatik. 21 haur izan ziren. Tartean zegoen Imanol Arregi Osasuna Magna Xotako entrenatzailea, bere seme Hegoirekin. Eta baita Roberto Martil kapitaina bere alaba Narerekin.