Ilyass Bouchahad

"Riftarra bazara, paseatu eta isilik egon; besterik ezin duzu egin"

Guaixe 2023ko abu. 4a, 12:15

Ilyass Bouchahadi Irurtzun osotasunean gustatzen zaio.

Rifen jaiotako Ilyass Bouchahad irurtzundarrari herri guztia gustatzen zaio.

Marokok bere menpe duen iparraldeko eskualdea da Rif. Al-Hoceiman, 57.000 biztanle inguruko kostako hirian jaio zen Ilyas Bouchahad. Sorlekua Rifeko Ajdir hiriburuaren ondoan dago. Bouchahadek gogoratu du errepublika izan zela Rif. Abd el-Krim buruzagiak Espainiak okupatzaileak bidali ondoren sortu zuen errepublika, 1921ean. Espainiarrek, frantziarren laguntzaz, riftarrei aurre egin zieten. Horretarako, besteak beste, espainiarrek Alemanian diseinatutako arma kimikoak erabili zituzten, askotan hegazkinetatik botaz. 1927an men egin behar izan zuten. Errepublika "kendu egin zuten", laburtu du irurtzundarrak. 

Hiriak ere baditu zenbait hondartza, "bero egiten du, eta hondartzara joaten gara". Bouchahadek azaldu duenez, "duela 20-30 urtera arte Mediterraneoar Klub Frantziarra egon zen. Hondartza inguruan aberatsak bizi dira. Hondartzak publikoak dira, baina batzuk pribatuak izaten hasi dira. Erregea joaten bada, hondartza on batzuk hartzen dituzte, eta ezin zara sartu; berarendako bakarrik dira". 

Al-Hoceiman, arrantza asko dago. Merkataritza eta arrantza portuak ditu. "Arrantzontzi asko daude, baino lan gutxiago dago. Beste kosta batzuetara eraman dituzte". Bouchahadek jakinarazi duenez, "Al-Hoceiman behartsuak ezin dira bizi. Arrantzatzen den guztiak kanpoan saltzeko da, eta gelditzen den arraina eskasa eta oso garestia da". Zokoetan, auzoetan dauden azoka txikietan, erosten dute eguneko jatekoa. 

Bouchahadek azaldu duenez, "Oporrak pasatzeko primerako tokia da Al-Hoceima. Baina bertan ezin zara bizi: ez dago lanik, Marokorekin arazoak... Mouchine Fikri, arrain saltzaile ibiltaria, zaborretako kamioi batek birrinduta hil zen 2016ko lastailean, poliziak konfiskatutako salgaia berreskuratzen saiatzen ari zela". Hirian bertan eta Marokoko beste hainbat tokitan protestak piztu ziren. "Oraindik jende asko dago kartzelan. 20 urtera arteko zigorrak dituzte. Rifeko bandera baduzu, kartzelara. Polizia asko dago ere. Horregatik, ezin zara han bizi. Riftarra bazara ezin duzu trago bat hartu, ezin duzu hitz egin; paseatu eta isilik egon, besterik ez". 

Espainiarrek botatako bonba kimikoen ondorioz minbizi tasa izugarria da Rifen. "Duela sei urteko protestetan onkologia ospitalea, gazteendako lanpostuak, unibertsitatea eta beste eskatzen ziren. Gaur egun beste hiri batzuetara joan behar dute sendatzera eta ikastera. Marokoarrek nahi dute gure lurretik ti-ta atera gaitezela". 

Patera
Irurtzundarrak aitortu duenez, "han bizi nahi dut, baina ezin dut. Eutsi, eutsi, eutsi, baina, azkenean, etsi; han ez dago etorkizunik". Beste dozena bat pertsonarekin batera pateran abiatu zen. Tartean adin txikiko bat zegoen. 06:00etan abiatu ziren eta, 27 orduko zeharkaldiaren ondoren, 09:00etan iritsi ziren Motrilera. Polizia etxean hiru egun eman zituen, eta beste 17-18 egun pandemiagatik ezarritako berrogeialdian, Malagako hotel batean. "Bukatzean nora joan behar nuen galdetu zidaten, eta esan nien baneukala familia hemen. Lehengusuei hots egin zieten". Ordutik ez da sorlekura bueltatu. 

Duela bi urte eta zazpi hilabetetik da irurtzundarra Bouchahad. Lehen urte erdia-edo lehengusuekin bizi izan zen. Egokitzeko laguntza izan zen familia bertan izatea. "Ondoren, laguntza eman; eta beste lagun batekin, pisua hartu genuen". Ziurtatu duenez, "askoz hobeki nago hemen. Marokon 30 urte egin ditut, eta sekula ez naiz orain bezain zoriontsu izan. Dirua, lana... dena daukat. Marokon, hamar orduko lanaldiagatik, beharbada 10 euro ordaintzen dizute. Edo 'orain ez du ordaintzeko dirurik eta egun batzuk itxaron beharko duzu' esaten dute. Eta protestatuz gero, ez zaituzte berriro lanerako hartuko". 

Irurtzun guztia gustatzen zaio Bouchahadi. "Dena onerako aldatu da. Hau txalet baten modukoa da". Sorlekuarekin zerikusirik ez du: "hemen mendia dago; han aspaldi ez duela euririk egin. Itsasoa, alde batean; lur horia, bestean. Hemengo berdea zoragarria da. Hemen jendeak agurtzen du. Han 'kaixo' esan eta erantzuten dizute: 'ezagutzen nauzu?' Hiria da hura. Hemen, jende gutxi; eta denak, ezagunak". Lagunekin, lehengusuekin, familiarekin parkean hizketatzen egoten da. "Hemen aske hitz egin dezaket; Al-Hoceiman ezin da". Oraindik ez du kuadrillarik, baina harreman sarea zabaltzen ari da.