Areto futbola

Xotak hortzak erakutsi zizkion Barçari

Guaixe 2023ko ira. 4a, 11:00

Dani Saldisek bere itzulerako lehen gola sartu zuen ligan. XOTA

Miguel Hernandezen taldeak itxura oso ona eman zuen ligako lehen partidan. Imanol Arregik omenaldi beroa jaso zuen

Irailaren 1ean hasi zen 2023/2024 Lehen Mailako Areto Futboleko denboraldia. Osasuna Magna Xotak gogotsu eta ilusioz ekin zion aldaketaz betea datorren denboraldi berriari. Miguel Hernandez entrenatzaileak zuzendutako ligako lehen partidan, arerio gogorra egokitu zitzaion talde irurtzundarrari: 2022/2023ko txapelduna, Barça. Baina liga goitik hasteak gehiago hauspotu zituen irurtzundarrak, eta bikain aritu ziren.

Lehen zatia zirraragarria izan zen, baina ez zen golik egon, bi atezainek egindako lan ikusgarriari esker. Bigarren zatia hasi eta berehala, Dani Saldise irurtzundarrak markagailua mustu zuen. Hala ere, berehala bana berdindu zuen Barçak. Xotak ez zuen etsi, eta Andres Geraghty eta Toni Escribano jokalariek sartutako golei esker, partida bukatzeko 4 minuturen faltan 3 eta 1 aurreratu zen talde nafarra, Anaitasunan bildu ziren ia 2.000 zaleen eromenerako. Barçak sufritu behar izan zuen, baina bukaerako txirrinak jo baino 40 segundo lehenago hiruna berdintzea lortu zuen, eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia. Itxura oso ona eman zuen Hernandezen Xotak. 

Miguel Hernandez kontentu zegoen bere mutilek egindako lanarekin. “Partida ona izan da. %100ean jokatu dugu eta euren mugara, muturrera eraman ditugu. Pena dugu partidak ihes egin digulako, baina akatsetatik ikasi beharra dugu. Gauza on asko egin ditugu eta dinamika horrekin jarraituko dugu”. 

Imanol Arregiri merezitako omenaldia
Xotak merezitako omenaldi beroa egin zion Anaitasunan azken 22 urteetan Xotako entrenatzaile izandako Imanol Arregiri. Malkoak ezin ekidin zegoen Imanol bera eta baita bere anaia eta Xotako presidente Tatono Arregi eta klubeko delegatu Txuma Sangüesa ere. Omenaldian Xotak (Tatono Arregi eta Txuma Sangüesa), Lardero Kirol Elkarteak (Lucas Hernando), Futbol Club Barcelonak (Aureli Mas), Osasuna Futbol Taldeak (Cesar Muniain), Nafarroako Futbol Federazioak (Rafa del Amo) eta Espainiako Futbol Federazioak (Javier Lorente) hartu zuten parte, euren ordezkariekin. Imanol Arregi “oso eskertuta” azaldu zen.