Imanol Arregi Sarasa

"Une honetan ez dut Xotaren kontra jokatzea nahi, inola ere ez"

Maider Betelu Ganboa 2023ko ira. 12a, 14:10

22 urtez Xotako entrenatzaile izandako Imanol Arregi Sarasa irurtzundarrak bere klubaren merezitako omenaldia jaso zuen Anaitasunan

Irurtzungo Xota areto futbol klubeko izenetako bat da Imanol Arregi Sarasa irurtzundarra (1971-12-08). Azkeneko 22 urtetan Xotako entrenatzaile, aurretik taldeko atezaina izan zen, 15 urte zituenetik. Bizitza guztia herriko klubari emana. Arnasa hartu, gelditu, eta atsedena behar zuelako, Imanolek Xota uztea erabaki zuen joan zen denboraldia bukatuta, eta taldea lehen mailan utzi eta gero joan zen. Esker onez, merezitako omenaldi polita egin zion Xotak Imanoli irailaren 1ean Anaitasunan, Osasuna Magna Xotak Barçaren kontra jokatutako 2023/2024 denboraldiko lehen partidaren atsedenaldian. 

Zeinen omenaldi polita! Nola bizi izan zenuen?
Urduri nengoen, baina, aldi berean hunkituta. Lotsa pixka bat ere pasa nuen, ez pentsa. Baina atsegina izan zen horrenbeste jenderen aurrean aitortza jasotzea. Oso polita izan zen. Ez nuen horrenbestekoa izango zenik espero. Banekien hunkituko nintzela, urte asko direlako eta Xota nire taldea delako, nire kluba. Ederra izan zen. 

Xotako Tatono Arregi presidente eta anaiak eta Txuma Sangüesa delegatuak, Barcelona Futbol Klubeko Aureli Masek, Osasunako Cesar Muniainek, Nafarroako Futbol Federazioko buru Rafa del Amok, Espainiako Futbol Federazioko Javier Lorentek eta Lardero Kirol Elkarteko Lucas Hernandok eskainitako oroigarriak jaso zenituen. 
Omenaldian areto futboleko ordezkari askok parte hartu zuten. Eta Xotako zaleek. Anaitasunan jende asko zegoen, eta ekitaldia oso hunkigarria izan zen. Emozioei nahiko ongi eutsi nien, baina Txuma Sanguesa sartu zenean... ezin izan nion eutsi, eta malkoak borborka hasi ziren. 

"Banekien omenaldian hunkituko nintzela. Urte asko dira, eta Xota nire kluba da"

Xota entrenatzeari utzi zenionean esan zenuen arnasa hartu beharra zenuela, airea behar zenuela, atseden hartu. Nola zaude?
Ongi. Hasieran kosta egin zitzaidan, ez pentsa. Oso arraroa egiten zitzaidan, bereziki aurre denboraldia hasi zenean. Baina atseden tarte bat hartu beharra nuen, urte asko baineramatzan uda estresanteak bizitzen: fitxaketen inguruko kezkak, areto futbolarien ordezkariekin elkarrizketak, aurre denboraldiko prestaketak... Gelditu eta atseden hartzea beharrezkoa nuen, eskertzekoa dena. Hilabete batzuk lasai egongo naiz, familiaz, seme txikiaz eta lagunez gozatzen. 

Dena den, ez zara guztiz gelditu, zenbait clinic edo areto futbol formazio saio eskaini dituzulako han eta hemen.
Bai, Martorellen egon nintzen, eta Kanariar Uharteetan. Azaroan Costa Ricara joango naiz bertan beste clinic saio bat eskaintzera. Abendu aldean ikusiko dut zein bide hartuko dugun. 

Lehen Mailako denboraldiko lehen partida jokatu zuen Osasuna Magna Xotak irailaren 1ean joan zen denboraldiko txapeldun Barçaren kontra. Ikusgarri jokatuta, 3 eta 1 aurreratuta egon zen Xota, baina Barçak hiruna berdintzea lortu zuen, nahikoa sufrituta. Nola bizi izan zenuen partida zale gisa?
Oso urduri. Partida harmailan jarraitzeko gogoa nuen, gainontzeko zaleen moduan, baina omenaldiagatik palkoan eserita egon behar izan nuen, eta, horregatik, neure burua pixka bat kontrolatu behar izan nuen. Harmailan gaizki pasatzen da, han behean, aulkian zaudenean gutxienez zerbait egin dezakezulako. Alde horretatik, nahiko inpotente sentitu nintzen. Ezin duzu ezer egin. Berdinketa ez zen bidezkoa izan, Xotak irabaztea merezi zuelako. 

"Urduri jarraitu nuen partida. Harmailan gaizki pasatzen da, ezin duzulako ezer egin"

Nola ikusi zenuen Xota?
Taldea oso ongi ikusi nuen, aurretik generaman ildo beretik. Ordenatuta aritu zen taldea. Uste dut fitxaketa berriek freskotasuna eman diotela Xotari. Nahiz eta Leo Café falta izan (Brasilen zegoen, bere anaia eta iloba auto istripuan zendu baitziren), uste dut aurtengoa aurreko denboraldiak baino lasaiagoa izango dela, plantilla zabalagoa baita. 

Dani Saldise irurtzundarra etxera itzultzeak ere indarra eman dio taldeari. 
Zalantzarik gabe. Danik gola du, eta gola nabarmen falta izan dugu azken urteetan. Pachuk ere gola du... Fitxaketa gehienek dute gola. Dani gaztea da, baina, aldi berean, esperientzia handia du. Banago bere itzulera taldeari oso ongi etorriko zaiola.

Miguel Hernandez entrenatzaile berria, orain arte zure bigarrena izan zen. Nola ikusi zenuen?
Ongi, bai bera eta baita bere laguntzaile izango den Roberto Martil “Palote” irurtzundarra ere. Biek urte asko daramatzate nirekin, eta partidan eta entrenamendu batzuetan ikusi ahal izan dudanez, aurreko jokatzeko moldearekin jarraituko dute, bide berean. Partidan espero baino lasaiago ikusi nuen Miguel, ongi. Baita Palote ere. Uste dut ongi egingo dutela. 

"Taldea ongi ikusten dut. Fitxaketa berriek freskotasuna eman diote"

2023/2024ko Osasuna Magna Xotak itxura oso ona du.
Zalantzarik gabe. Plantilla orekatuagoa dela iruditzen zait; taldeak itxura ona du. Espero dut denboraldi ikusgarria izatea, guztiok disfruta dezagun. 

Badaukazu inbidiarik, pixka bat baldin bada ere?
22 urte daramatzat Xota entrenatzen eta beste 15 urte Xotan jokatzen. Jakina hor behean ez egoteagatik inbidia nuela. Dena den, argi nuen gelditu beharra nuela. Baina areto futbolarekiko gaixotasun honek hori du, denboraldia hasi eta baloia bueltaka hasten denean hor egon nahi duzula. Lasai nago, joan den denboralditik geratu ziren jokalari garrantzitsuek jakin baitakite nola jokatu behar duten, eta egin dituzten fitxaketak ikusita argi dut taldea ongi ibiliko dela. Gero ikusiko da zer gertatzen den, hau kirola delako, baina lehengo eguneko partidan sentsazioa izan nuen taldea ongi ariko dela, ziur. 

Epe motzean zure burua areto futbol teknikari ikusten duzu, ala epea datorren denboraldiraino luzatuko duzu?
Entrenatuko dut, hori ziur, baina tarte bat behar dut. Horregatik onartu nuen Costa Ricako azaroko clinic ikastaroa. Neure burua ezagutzen dut: norbaitek ongi zirikatuz gero berehala animatzen naizenez, banekien denboraldi hasieran hasiko nintzela lanean. Eskaintzaren bat jaso izan nuen, baina atseden hartu beharra nuen, ez nuen nahi. Tentazioari eusteko onartu nuen azaroko clinic-a (kar, kar). Hori bai, abendutik aurrera ikusiko dugu zer gertatzen den. Argi dudana da une honetan ez dudala beste talde batekin Xotaren kontra jokatu nahi. Ez dut batere gogorik. Horregatik, litekeena da kanpora joatea. 

Beraz, kanpora ateratzeak erakartzen zaitu.
Bai. Gainera, abentura gogoa dut. Une honetan gehiago dut kanpora joateko gogoa hemen geratzekoa baino. Baina ikusteke dago. Ea zer ateratzen den, eta zein erabaki hartzen dugun. 

Momentuz, Xota animatzera joatea. Hori argi eta garbi, ezta?
Jakina! Xota da nire kluba, nire herrikoa, Irurtzungoa. Anaitasunan jokatzen duten guztietan han egongo gara, taldea animatzen. 

"Kanpora entrenatzera joateko gogo gehiago dut hemen geratzekoa baino"