Areto futbola

Xotak bigarren puntua bildu du

Guaixe 2023ko ira. 11a, 10:36

Bi taldeek izugarri borrokatu zuten. XOTA

Talde irurtzundarrak puntu bati eustea lortu zuen partida bikaina jokatuta Valdepeñasen kontra

Osasuna Magna Xotak Lehen mailako bigarren jardunaldia Gaztela Mantxan jokatu zuen, Viña Albali Valdepeñasen kontra. Lehia oso bizia izan zen, eta edozeinek lortu ahal izan zuen garaipena. Arbitroaren erabakiak erabakigarriak izan ziren, hiru penalti bikoitza seinaleztatu baitzituen Valdepeñasen alde, eta bakarra Xotaren alde. Xotako Andres Gerathy eta Valdepeñaseko Boys kanporatu zituen. 

Jonathan Linharesek Xota aurreratu zuen. Valdepeñasek eraso amaigabea abiarazi zuen, baina Asier Llamasek ongi zaindu zuen atea. Talde nafarrak ere bere aukerak izan zituen, tartean Dani Saldisek, baina Xotak gehien estutzen zuenean bana berdintzea lortu zuen Eric Martelek, bere garaian Xotako jokalaria izan zenak. 

Bigarren zatian erasora atera ziren Miguel Hernandezen jokalariak, eta Andres Geraghtyk 1 eta 2 aurreratu zuen Xota. Valdepeñas berdintzen saiatu zen, eta Asier Llamasek atea zaintzen lan handia izan zuen. Xotako Juninhok eta Fabinhok bere aukerak izan zituzten, baina ezin. 36. minutuan Boyisik bina berdintzea lortu zuen, eta azken lau minutuak eromenezkoak izan ziren, bi taldeek dena eman zutelako. Azkenean, binako berdinketarekin eta puntu banaketarekin despeditu zen partida. 

“Valdepeñasek asko estutzen du. Bukaerara arte borrokatu dugu, eta bi taldeek %200 eman dugu. Partida ikusgarria izan da, ikusleendako ederra, eta kanpoan puntuatzea beti da garrantzitsua” azaldu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak. 

Lehen mailako liderra El Pozo Murcia da (6 puntu). Osasuna Magna Xota hamargarren da (2 puntu). Asteburuan Xotak Anaitasunan Noia Portus Apostoli taldea hartuko du, sailkapenean hamabigarren den taldea.